Urtero bezala, Bilboko Udalak maiatzaren 25ean ospatuko den Afrika Egunarekin egingo du bat, 'Afrika Eguna, harrotasuma Bilbo' lelopean. Horretarako, gaur goizean MULISOL Elkartearekin lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute.

“Afrika Eguna, harrotasuna Bilbo” proiektua MULISOL elkarteak sortu zuen 2018an, maiatzaren 25a, Afrikaren Eguna, diasporan ospatzeko. Ospakizun hori 1963an hasi zen, Afrikako estatuetako 32 buruzagi Addis Abeban bildu zirenean Afrikako Batasunaren Erakundea (ABE), gaur egun Afrikako Batasuna (AB) dena, osatzeko. Ordutik, egun hori Afrikako Munduko Eguna bihurtu da. Ospakizun horrek kontinentearen lorpenei egiten die erreferentzia, eta Afrikak etorkizun hurbilean izango dituen erronkei eta desafioei buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu.

“Afrika Eguna, harrotasuna Bilbo” 2021ean finkatu zen, Afrikako diasporako Novisi, Oganillu (Euskadiko Igbos Komunitatea), IRDAS (Saharaz Hegoaldeko Afrikaren Garapenerako Itzulketarako Ekimena) eta partzuergoaren buru den MULISOL (Mundu aske eta solidarioa) elkarteekin hiru urtez lan egin ondoren. Giza eskubideen, berdintasunaren, bizikidetza baketsuaren eta aniztasunarekiko eta arraza-diskriminaziorik ezarekiko interakzioaren aldeko kontzientzia kritikoa eta herritarren mobilizazioa sortzeko eta Afrika eta bere diaspora modu positiboan ikusarazteko jardunaldi soziokulturalak antolatzea sustatzen duen proiektu komunitarioa da. Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren eta migratzaileekiko esku-hartze sozialaren eremuko hainbat erakundek elkarlanean dihardute talde eragilearen garapenean.

Maiatzak 25, 26 eta 27

Ospakizuna maiatzaren 25etik 27ra bitartean izango da, eta programazio zabala izango du, bai Itsasmuseumean, bai Museoaren zabalgunean bertan. Proposamenak egitarauko jardueretan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak. Besteak beste, hitzaldiak eta mahai-inguruak, arte, artisautza eta moda erakusketak, desfileak, dantza jarduerak, perkusioa eta afro kontzientzia bilduko ditu.

Gastronomiak leku nabarmena izango du eszenatoki gunean (Euskalduna zubiaren azpian) egongo diren postuen artean.

Gainera, “Afrika Eguna” plataforma bikaina da estilo ezberdinetako musika eta musikari afrikarren kartela programatzeko. Parrilla musikalak estatu mailako eta nazioarteko artistak biltzen ditu, eta, gainera, protagonismo berezia ematen zaie Afrikako eta XXI. mendeko Bilboko kultura-aniztasuna balioesten duten bertako artista afroondorengoei.

Bilbo Kulturarteko Hiria III. Plana

Afrika Eguna Proiektua aurretik ere diruz lagundu izan da, eta 2023an, lehen aldiz, hitzarmena sinatu da, programak Bilboko Udalaren kulturartekotasunaren arloko udal-politikan duen lekua kontuan hartuta, Bilbo Kulturarteko Hiria III. Planaren bidez. Plan horren arabera, gizartearen parte-hartzea da lehentasun estrategikoa, eta funtsezko elementua da Bilbo kulturen arteko hiri gisa garatzeko, gizarte-eraldaketaren ondorioak denboran mantentzen direla eta bizikidetza benetan hobetzen dela bermatzeko.

Bilbo Kulturarteko Hiria III. Planak ekintza honekin erlazionatutako esku-hartzeko hiru eremu sektorial ditu: auzoak; kultura, kirola eta aisialdia; eta espazio publikoa.

Bestalde, Bilboko MULISOL “Mundo Libre y Solidario” elkarteak berdintasunaren, atzerritar jatorriko pertsonen integrazioaren, kulturartekotasunaren eta arrazakeriaren aurkako borrokaren sustapena eta sentsibilizazioa lantzen ditu.