Síguenos en redes sociales:

Formatu handiko jaialdirik onenaren saria jaso du Bilbao BBK Livek

Joan den larunbatean, martxoak 11, sari garrantzitsua jaso zuen Bilbao BBK Live jaialdiak, Oporton ospatu zen Iberian Festival Awards galan. Konkretuki, formatu handiko jaialdi onenaren saria eman zioten Bilbon ospatzen den ekitaldiari.

Iberian Festival Awards sarien zazpigarren edizioan, Bilbao BBK Live antolatzen duen Last Tour konpainiak Excellence Award delakoa jaso du zuzeneko musika-jaialdien sorreran eta antolaketan egin duen ibilbideagatik. Era berean, BIME musikaren nazioarteko topaketak Estatuko Ekitaldi Profesional Onenaren saria lortu du.

Berrikitan, Bilbao BBK Live munduan erreferente den B Corp Jaialdi bihurtu da ekonomia, gizarte zein ingurumenaren aldeko konpromisoagatik, ebaluazio eta egiaztapen-prozesu zorrotza gainditu ostean.

Iberian Festival Awards sarietan lortutako Formatu Handiko Jaialdi Onenaren golardoa egundoko aintzatespena da Bilbao BBK Liverentzat, urtero milaka ikuslek Kobetamendiko giro berezi eta paregabean musikaz eta kulturaz goza dezaten lan egiten duen giza-taldearen lana eta ahalegina aldarrikatzen dituen neurrian.

Bilbao BBK Live jaialdiaren arrakasta kartelaren kalitateari zor zaio neurri handi batean, izan ere, urterik urte nazioarteko musikagintzako artistarik nabarmenetako batzuk bildu ohi ditu. Gainera, jaialdiaren antolatzaileek ospe handia lortu dute profesionaltasunagatik, eraginkortasunagatik eta arreta paregabeagatik, eta horri esker, Estatuko kultura-ekitaldi garrantzitsuenetakoa bihurtu da, baita nazioarteko erreferentea ere.

Bilbao BBK Live jaialdia 2023ko uztailaren 6, 7 eta 8an ospatuko da berriro ere, aparteko line-up batekin: Florence + The Machine, Arctic Monkeys, Pavement edo Phoenix, besteak beste. Bonuak salgai daude dagoeneko.