Kalean da 'Non eta Bilbon' liburua
Astearte honetan goizean, azaroak 28, uriaren historia kontatzen duen 'Non eta Bilbon' liburuaren aurkezpena egin da. Bilboko Udalak, Labayru Fundazioarekin elkarlanean, argitaratutako liburua Bilboko alkate Juan Mari Aburtok aurkeztu egin du udaletxeko Arabiar Aretoan.
Alkateak hau nabarmendu du: "Honen moduko argitalpenekin, aukera ematen zaigu gure Bilbo honen historiako xehetasun berri asko ezagutzeko edo gogoratzeko, eta, gainera, gure gertuko ingurura hurbiltzen gara, bizitzaren beraren bidez, gure Uriak mendeetan zehar gorde dituen ohituren bidez". Aburtok, bestalde, hau gogorarazi du: "Euskarazko argitalpen berri honekin, Udalak eutsi egiten dio euskal kulturarekin duen konpromisoari, eta indartu egiten du; oraingo honetan, literaturaren bidez".
"Non eta Bilbon" liburuan, Bilboko historiaren gaineko 40 artikulu biltzen dira, urian han eta hemen banatuta dauden beste horrenbeste toponimo baliatuz, denak ezagunak, eta batzuk oso ezagunak. Artikuluak 17 idazleren eskutik datozkigu: Pedro Zuberogoitia, Felix Mugurutza, Mikel Gorrotxategi, Ziortza Artabe, Aitor Zuberogoitia, Segundo Oar-Arteta, Josu Larrañaga, Iñaki Gaminde, Akaitze Kamiruaga, Patxi Galé, Onintza Enbeitia, Iñaki García Uribe, Juanjo Hidalgo, Jesús Antonio Etxezarraga eta Igone Etxeberria.
Irudiak Bilboren argazkiak erabiliz egin dira, eta Mikel Erkiagak egokitu ditu; diseinua eta maketazioa, berriz, BilbaoArteko artista gazteen gain izan da, hala nola Maite Choya eta Daniel Alegrete.
Liburuan, gainera, literaturaren eta letren arloko pertsonaien berri ematen da, hala nola Agirre, Seber Altube, Toribio Alzaga, Gabriel Aresti, Ángela Figuera, Blas de Otero edo Resurrección María de Azkue, besteak beste; toponimoez den bezainbestean, Abando, Arangoiti, Errekalde, Miribilla, Otxarkoaga edo Txurdinagaz dihardute, besteak beste.
Liburu hau "Bilbon Hara-Hona" liburuaren jarraipena da, zeina 2020an argitaratu eta editatu baitzuen Udalak Labayru Fundazioarekin elkarlanean. Era horretan, bada, osatu egiten da orduan hasitako toponimia-lana Bilboko beste leku eta historia batzuekin.
"Non eta Bilbon" Durangoko hurrengo liburu eta disko azokan egongo da salgai, eta baita liburu-dendetan eta Labayruren web-orrian ere. Gainera, liburua ikastetxeetan ere banatuko da, eta Uriko liburutegietan ere egongo da eskuragai.
Labayru Fundazioa
Labayru Fundazioa 1977an sortu zen, euskara eta euskal kultura ikertzeko, sustatzeko eta zabaltzeko. Xede horiek erdiesteko, hainbat arlotan jarduten da, dela ikerketan edo zabalkundean; irakaskuntza, itzulpena, herri-ondarea batzea, euskararen erabilera normalizatzeko planak, etnografia, lexikografia eta toponimia dira Labayruren arloak, besteak beste.
Temas
Más en Bilbao
-
Bilbao Metropoli 30 reconocerá las mejores iniciativas urbanas en unos premios pioneros
-
Idom, Mondragón, Ikerlan y Vicomtech serán las primeras empresas del parque tecnológico de Zorrotzaurre
-
Bilbao ofrecerá 23 espectáculos de teatro callejero durante Aste Nagusia
-
El humor vuelve en forma de chiste por Aste Nagusia