Hasi dira eraikitzen Zorrotzaurreko uharterako aurreikustako uholde-biltegiak
Bilboko Udalak 5.671.801,66 euroko aurrekontua bideratuko du, BEZ barik, Zorrotzaurreko uharterako aurreikusi diren uholde-biltegi biak eraikitzeko. Lanak astelehen honetan, urriak 10, hasi egin dira.
Azpiegitura horiek Udalak Deustuibarrean dauzkan bi lurzatitan egingo dira (bata Artiachen eraikinetik gertu dago, eta bestea Papeleraren eraikinetik gertu).
Biltegien eginkizun garrantzitsuena da galtzadak ez daitezela urez bete eta euri-uren sarean ez dadila eragozpenik egon itsasgoran (itsasgoran euri-uren sarea itsasadarraren kotatik behera geratzen baita).
Horretarako, bi azpiegiturek biltegiratze-bolumen nahikoa izan behar dute, mareak grabitateagatik arintzea eta, itsasadarraren maila jaisten denean, hustea ahalbidetzen ez duen egoeretan ura metatzeko.
Zehazki, lehenengo biltegirako 1.031,70 metro kubikoko bolumen erabilgarria kalkulatzen da, eta bigarrenerako, 1.190,25 metro kubiko. Irtenbide horri esker, ponpaketa bidezko hustuketak murriztuko dira.
Gainera, Itsasadarrera isurtzen diren uren kalitatea hobetzeko helburuarekin, euri-uren kolektoreak biltegi bakoitzean sartzen diren lekuetan harea kentzeko gailu bat eta koipeak bereizteko bat jarriko dira.
Indusketa eta egitura
Bi ekipamenduek proiektatutako urbanizazioak ezarritako baldintzak eta kotak bete behar dituzte.
Hori analizatuta, zenbait ekaitz-egoeratan biltegiak betetzeko eta husteko uneak kontrastatuta (iraupena, intentsitatea eta abar), eta marearen egoerak aztertuta (eta, beraz, ponpatze-ekipoak noiz beharko liratekeen aztertuta), azalera handieneko eta sakonera txikieneko biltegiak aukeratu dira. Horiek egiteko, gutxi gorabehera -2 metroko kotaraino indusi beharko da.
Nabarmendu behar da biltegiak egingo diren lursailak zenbait geruza dituela: betegarri artifizialak, ibai-ahoko jalkinezko zoruak (lohiak, gehienbat), legarrak lohiarekin eta hareekin, eta, azkenik, arroka. Horregatik, indusketa eskora-oholtza iragazgaitzekin egingo da, hondoaren egonkortasuna bermatze aldera.
Euspen-elementuak hormigoizko pantailak izango dira, arrokan sartuak. Horrela, gainera, lehenengo biltegian proiektatutako kirol-kantxaren estalkirako zimenduak egin ahalko dira.
Biltegien zimenduak hormigoizko lauzaz egingo dira. Egitura perimetro-harresi batekin osatuko da, 30 cm hormigoi armatuzkoa, eta material bereko zutabeekin (40 x 40 zentimetrokoak).
Isurkiaren eroanbideak
Biltegi bietako bakoitzeko hiru eroanbide egongo dira, itsasadarrera emango dutenak: isurkia grabitatearen indarrez, ponpaketaz, eta euri-uren kolektoreen kutxatilatik aurrera eramango dute, hurrenez hurren.
Hain zuzen ere, isurkiak itsasadarrera eramateko grabitatea erabiltzen duten eroanbideek sakonera esanguratsuak izango dituzte; eroanbide horiek egiteko, oraingo sestraren azpitik 4 metrorainoko indusketak egin beharko dira kasuren batean, eta aire zabaleko zangen bidez egingo dira lan horiek, lur-sailari eusteko zutoin-oholez osatutako lurperatze-sistema batekin.
Hala, eta Deustuibarra kalean oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioari jarraipena emateko helburuz, eroanbide horiek egitean beharrezkoa izango da zirkulazioa beste leku batetik bideratzea. Horiek proiektatutako biltegien gainetik egingo dira, lurren betelanak egin ondoren, oraingo urbanizazio-kotaraino. Zirkulazioa behin-behineko semaforoen bidez antolatuko da, ibilgailuek noranzko bakarrean zirkulatuko dute-eta.
Mantentzea, garbitzea eta ustiatzea
Bi biltegiok mantentzea eta ustiatzea errazteko, zenbait kontu hartuko dira aintzat:
- Sarbideak. Lau egongo dira biltegi bakoitzeko, izkina bakoitzean bat. Kutxatilen bidez egingo dira, lagundutako estalkiarekin eta babes-langarekin.Gainera, pasabidea utziko da koipeak bereiztekora, harea kentzeko makinara, garbiketa-kutxatilara eta ponpatze-ekipora.
- Ez da aurreikusten argiztapenik ez behartutako aireztapenik biltegien barruan. Ordea, lau tximinia jarriko dira aireztapen naturala egin ahal izateko.
- Garrantzi berezia eman zaio grabitatearen indarrez isurtzen duen eroanbidearen itxituran balizko akatsak kontrolatzeari. Horregatik, eroanbidean tarteko kutxatila bat egongo da, atzera ezineko bi elementu eduki ahal izateko: erretentzio-klapeta bat eta balbula bat itsasadarraren ahoan.Kutxatilaren kokapenari esker, hortik igarotzen den uraren gazitasuna neurtu ahalko da. Horrela, eroanbidearen amaieran dagoen atzera ezineko balbularen balizko arazoak detektatu ahalko dira.
Europar proiektua
Bilboko Udalak, bat etorriz Europar Estrategia 2020 delakoarekin eta Hazkunde Jasangarriko Ekintza Programarekin (HJEP), eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsarekin batera finantzatuta, Zorrotzaurreko eremuan Hiri Garapen Jasangarri eta Integratua Egikaritzeko Plana (HGJI) garatu du, proiektu asmo handiko eta arlo anitzeko bat, zeinean Udalaren hainbat sailek parte hartu baitute.
Plan honen asmoa da eremu bat berreskuratzea, historian zehar industria-eremu bat izan zena eta gaurko egunean erabilerarik ez duten espazioak dauzkana, eta hura Bilboko auzo berri eta erakarle bat bihurtzea, gainerako hiriarekin ondo lotua azpiegitura- eta mugikortasun-eredu jasangarri baten bidez, eta kutsatzen ez duten enpresak ezartzeko eremuak izango dituena, eta etxebizitza eskuragarriak, eta gizarte- eta kultura-ekipamendu ugari, eta herritarrek gozatzeko gune zabalak; hain zuzen, hau da plan hori osatzen duten proiektuetako bat.
Temas
Más en Bilbao
-
El outlet 'Billy´s Tour' vuelve a Bilbao con ropa de marca vintage a nueve euros
-
Siete municipios de Bizkaia aportan casi una tercera parte del PIB de Euskadi
-
El centro de Bilbao se cierra para los coches diésel de más de 10 años
-
Bilbao camina unida contra el cáncer en una marcha con más de 1.500 personas