Hemen da 'Bilboko Emakume Migratzaileen Aintzatespena' ekimenaren edizio berri bat. Aurtengoa laugarrena izango da.

6 kategoriaren bitartez, jatorri migratzailea duten emakumeek hiriko bizitza sozial eta publikoan duten presentzia aintzatetsi, hainbat eremutan egiten duten ekarpena ikusarazi, eta aniztasunaren erreferentziazko eta aintzatespenerako agertokiak sortu gura dira.

Hautagaitzak aurkezteko epea 2022ko abenduaren 15era arte egongo da zabalik, eta on-line bakarrik egin ahal izango da, Bilboko Udalaren webgunearen bitartez.

Emakume Eragile Komunitarioa, Emakume Ekintzailea, Emakume Politikoa, Emakume Artista, Emakume Giza Eskubideen Defendatzailea eta Emakume Gaztea dira Bilboko Udalak antolatutako Bilboko Emakume Migratzaileen Aintzatespenaren IV. Edizioko hautagaitzak.

Hautagai bihurtzeko, atzerritar jatorriko edo/eta atzerritik etorritako emakumeak izan beharko dute, hainbat mailatan, hala nola genero- edo/eta sexu-identitatean, elkarreragin dezaketen nortasun-ardatz guztiak kontuan hartuta, Bilbon bizi direnak eta aintzatespenaren xede den kategorian gutxienez bi urteko ibilbidea dutenak.

Hautagaitzak bi modutan aurkez daitezke. Batetik, erakunde, elkarte, fundazio koordinatzaile, federazio, enpresa, ikastetxe eta abarren bitartez, eta, bestetik, auto-hautagaitzaren bitartez. Kasu horretan, baldintzak betetzen dituela uste duen emakumeak aurkeztuko du zuzenean hautagaitza, eta bere burua aurkeztu gura duen kategoria bakarra adieraziko du. Hautagaitza-modalitate honetan, erakundeen bi abal aurkeztu behar dira.

Epaimahaia hauek osatuko dute: Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Lankidetza eta Bizikidetza zinegotzia eta IGBK-CLIko presidenteak; Milagros Acea IGBK-CLIko bigarren presidenteordea eta Asociación Sierra Maestra-Comunidad Cubana residente en Euskadi elkarteko kidea; eta Norma Vázquez psikologoa eta feminista.

Ekimenari buruzko zalantzak posta elektronikoz kontsultatu ahal izango dira, inmigracion@bilbao.eus helbidera idatzita.

Aintzatespenaren xede diren 6 kategoriak

  • Emakume Eragile Komunitarioa: kategoria hau emakume askok euren auzoetan egiten duten auzo- eta komunitate-lana ikusarazteko eta aintzatesteko proposatzen da. Lan hori ikusezina da batzuetan, baina garrantzi handikoa bizikidetzarako eta gizarte-kohesiorako.
  • Emakume ekintzailea: banaka, taldeka eta elkarteka edozein jarduketa-sektoretan gauzatzen diren proiektu jasangarriak eta arrakastatsuak dituzten emakume ekintzaileak barne hartzen ditu.
  • Emakume politikoa: eragin politikoko ekintzak egiten dituzten emakumeei zuzenduta, politika publikoak edozein jarduketa-sektoretan eraldatzera bideratuak eta alderdi politiko baten esparruan edo gizarte-erakunde gisa partaidetza edo eragin publikoko beste gune batzuen bitartez gauza daitezkeenak.
  • Emakume Artista: Artearekin, diseinuarekin, kultur ekoizpenarekin edo sormen-industriekin lotutako edozein diziplinatan nabarmentzen diren emakumeak aintzatesten ditu.
  • Emakume Giza Eskubideen defendatzailea: Giza Eskubideen, batez ere Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) lotu daitezkeenen, defentsan ibilbidea duten emakume migratuei dago zuzenduta.
  • Emakume Gaztea: kategoria horren bitartez, 30 urte arteko emakume migratu gazteak aintzatetsi gura dira, baldin eta aurretik aipatutako beste edozein kategoriatan ibilbidea badute.

Immigrazio Gaietarako Bilboko Kontseilua (IGBK-CLI) ekimena sustatzen duen udal-organoa da. Kide anitzeko organo horrek kontsulta- eta informazio-izaera du, eta etorkinen elkarteen eta Bilboko bizitza politiko, kultural, ekonomiko eta sozialaren eremu guztietan integrazio- eta bizikidetza-politikak garuzatzen eta bultzatzen inplikatuta dauden gainerako eragileen artean parte-hartze demokratikoa bermatzeko sortu da.

Bere eginkizunetako bat herritar guztiei zuzendutako sentsibilizazio-programak proposatzea eta kudeatzea da, udalerrian immigrazioaren irudia eta ezagutza hobetzen laguntzeko, Bilboko Emakume Migratzaileen Aintzatespenaren IV. Edizioa, besteak beste.

42 emakume partaide

Ekimena Bilbo Kulturarteko Hiria III. Planaren barruan dago. Plan horrek emakumeen eta gizonen berdintasunerako ahalduntzera bideratutako jarduketa-eremua barne hartzen du. 4. edizio honekin, jada, ibilbide, esperientzia eta jatorri desberdinetako 42 emakume migratzailek hartu dute parte.