Astelehen honetatik aurrera, irailak 19, kalean da InfoBilbaoren ale berri bat. Edizio honen gai nagusia Solokoetxe eta Zazpi Kaleak lotuko dituzten bi igogailu berri ipintzeko proiektua izango da.

Obra hori Udalaren egitasmo bati zor zaio, oinezkoendako konexio bat egin nahi baitu, guztiz irisgarria, bi auzo horien artean. Horretarako, bi igogailu bertikal ipiniko dira Solokoetxeko eskaileretan.

  • Lehenengo igogailua, Erronda kaletik abiatuko da (32. zenbakiaren inguruan), Zazpi Katu lokalean sartzeko plataformaraino. Geraleku bi izango ditu eta 8,5 metroko desnibela gaindituko du.
  • Bigarrena, berriz, plataforma horretatik beretik abiatuko da (lehenengoa heltzen den lekua), eta Solokoetxeko instituturaino iritsiko da. 3 geraleku izango ditu (eta beste bat larrialdietarako) eta 20,90 metroko desnibela gaindituko.

13 lagunentzako lekua izango du bakoitzak, eta bideoz zainduta egongo dira, eguneko 24 orduetan.

Proiektua azken lizitazio-izapideetan dago, eta lanak azaroan hastea espero da. Aurrekontua 1.875.751,93 eurokoa da (BEZa barne) eta aurreikusitako exekuzio-epea hamaika hilabetekoa da.

InfoBilbao esku-orriaren 4.500 ale argitaratu dira; gainera, urbanizazio lan osagarrien eta Udalak abian jarritako aldi baterako anezka-zerbitzuaren berri ere ematen du (anezka-zerbitzua emango da igogailuak lanean hasi arte).

Argitalpena Solokoetxeko auzoko eta Erronda kaleko auzotarren postontzietara banatuko da, gaurtik hasita. Udal-ekipamenduetan eta herritarrei arreta emateko bulegoetan ere banatuko da.