Amaya Suberviolaren "atzean ezer ez dago" erakusketa uztailaren 8ra arte egongo da ikusgai BilbaoArteko Urazurrutia Aretoan. Zehazki, irudiak gailu digitaletan ikusteko moduan inspiratutako koadro sorta hau ostiral honetan inauguratuko da, 19: 00etan.
"Detrás hay nada" izenburuak -nahita pentsatutako gramatika oker batekin- gainjartzearen baliabideari egiten dio erreferentzia, bere pinturetan errepikatzen den motiboa, nada hori benetan zerbait dela iradokiz. Amaya Suberviolak kontzeptu horrekin jolasten du bere koadroak osatzerako orduan, zer erakutsi eta zer ezkutatu edo, beste era batera esanda, zer ez margotu aukeratuz.
Erakusketa honetan BilbaoArte Fundazioan artistak bekadun gisa garatutako lanak ikusi ahal izango dira, baina urte honetan bertan, zentrotik igaro ondoren egindakoak baita ere. Margolanen azken itxura alda daiteke, baina hiru motibo nagusi partekatzen dituzte: iradokizuna, irudiaren mugen ebidentzia eta motiboaren distortsioarekiko interesa.
"Detrás hay nada" erakusketak bi lan-prozesu hartzen ditu bere baitan, aldi berean teknikaren eta euskarriaren arabera bereizi daitezkeenak. Lehenengoa, liho gaineko olioek osatuko lukete, bere ordenagailuan prestatzen dituen konposizioen pantaila-atzipenetatik abiatuta. Aldez aurreko zirriborroak sortzeko, artistak hainbat leiho irekitzen ditu bere artxibo pertsonaleko irudiekin, bere interesen arabera gainjarriz, handituz eta ordenatuz.
Bigarren obra mota akuarelaz eta gouachez edo olioz egindako mihiztadurek osatzen dute, laserrez ebakitako paperaren gainean. Artista, BilbaoArteko egoiliar gisa hasi zen hain zuzen estetika hori eraikitzeko logikarekiko interesa garatzen, monitoreek edo pantailek igorritako irudien ezaugarri formaletatik haratago. Emaitza ordenagailuko mahaigainean leihoak gainjartzearen teknika analogiko baten antzekoa da, artistari pintura-zatiak puzzle bat balira bezala konbinatzeko aukera ematen diona.
Erakusketa laguntzen duen katalogoak obrari ematen dio protagonismoa, erakusketako piezak artxibo gisa aurkeztuz. Katalogoa garatzeko Izan Sampedrorekin (Mal Estudio) lan egin du diseinurako, eta Jorge Islarekin argazkientzako. Testuak Pablo Merchantek, Luis Candaudapek eta Mikel del Riok sinatzen dituzte. Artistak bere pintura eta eguneroko bizitzaren arteko lotura irakurleari hurbiltzeko erabiltzen ditu azken orrialdeak, bere artxiboko testu pertsonal eta irudiekin.
Erakusketa aretoa astelehenetik ostiralera egongo da ikusgai, 17:30etatik 20:30etara, uztailaren 8ra arte. Jaiegunetan eta astebukaeretan, itxita egongo da.