Gaur goizean, maiatzak 17, musika klasikoaren bihotzera egindako bidaia birtuala, "Symphony" izenekoa, aurkeztu egin dute.

“Symphony” filma ”la Caixa” Fundazioak bultzatu du, Gustavo Dudamel zuzendariarekin elkarlanean, eta Thea Awards sarietan saritu dute, hau da, entretenimendu tematikoaren industriako lehiaketa aipagarrian; zehazki, Thea Award for Outstanding Achievement - Immersive Experience saria eman diote. Halaber, 40 Vancouver International Film Festival (VIFF Immersed 2021) Zinemaldian, Best Cinematic Live Action Award saria eskuratu du. Horrez gain, proiektuak aipamen berezia jaso zuen irail bukaeran Mexikoko Guanajuato International Film Festival Zinemaldian eta, uztailean, berriz, Cannesko 74. Nazioarteko Zinemaldian izan zen finalista, Cannes XR - Marché du film sailean, errealitate birtualeko filmei zuzendua.

Lehenengo aldiz, ikusleak bere burua orkestra sinfoniko baten erdian kokatuta ikusi ahal izanen du, errealitate birtualeko teknologian oinarritutako murgiltze-esperientzia berritzaile honetan. Bilbora iritsi da CosmoCaixan (Bartzelona) estreinatu ondoren, iragan irailean, eta Espainiako eta Portugalgo ehun hiri bisitatuko ditu hurrengo hamar urteetan luzatuko den biran.

Proiektuaren abiapuntua musikaren ahalmen emozionalaz hitz egitea da, alderdi dibulgatibo batetik. ”la Caixa” fundazioak lehenengo unetik egin zuen errealitate birtualaren aldeko apustua, istorio hori azaltzeko egokiena zelakoan. Teknologiarik puntakoenak erraztu du bestela ezinezkoa izanen litzatekeena: biolinen ondoan esertzea, orkestra sinfoniko handi batean, Beethoven interpretatzen duten bitartean. Asmoa da era guztietako publikoak liluratzea, baita dagoeneko musika klasikoa ezagutzen dutenak ere.

“Symphony” bi unitate mugikorrez osatua dago; horiek zabaldu eta bi areto bihurtzen dira, bakoitza ehun metro koadrokoa. Haietako batean pelikula panoramiko bat ikus daiteke, ikuslea bidaia honetan sartu eta soinuen laguntza hutsez gidatzen duena. Bigarren unitatea errealitate birtualaren esperientziari eskainia dago.

Ikusleak, betaurrekoak jartzen dituenean, ikusiko du nola aldatu den bat-batean bere ingurua. Orain, Lizeoko Antzoki Handian dago, aulki batean eserita, eta Gustavo Dudamel maisuak, Gustavo Dudamel fundazioaren arimak, ongi etorria eman dio. Ondoren, orkestra sinfoniko bateko musikariez inguratuta dago; guztiak isil-isilik daude, zuzendariaren keinuaren zain, eta hark, indar handiz, Ludwig van Beethovenen Bosgarren Sinfoniari emanen dio hasiera. Sinfonia horren hasierako lau nota ospetsuek markatzen dute bizipenaren hasiera.

Ikusleak musikariak ikusiko ditu, agertokian banatuta, ohi duten eran, harien, haizearen, metalaren eta perkusioaren familiak elkarrekin bilduta, eta arrunt hurbil sentituko ditu, modu erreal batean; halaber, berdin biziko ditu, bete-betean, zuzendariaren indarra eta begirada, zuzendaria parez pare izanen duelako. Esperimentu musikal honetan burua jiratu ahal izanen du, alde batera eta bestera, gora eta behera, orkestra sinfonikoaren eta musikarien ikuspegi berrien bila.

Proiektu ibiltari hau ”la Caixa” Fundazioak asmatu eta sustatu du, Bilboko Udalarekin elkarlanean, eta hauxe eskaini nahi du, hots, irudiaren eta musikaren bitartez, ulertu ahal izatea nola, egur zati baten soiltasunetik, eta metal puska baten gogortasunetik, alegia, nola sortzen ahal den orkestra sinfonikoa bezalako unibertso sofistikatu eta ederra. Horrenbestez, Symphonik orkestra dekonstruitzen du, soiltasuna erakusteko, betiere kontrastea eginez konpositoreei eskaintzen dien baliabide sorta mugagabearekin ideiak eta emozioak adierazteko. Bizipenak entzuketa emozional aktiboa eskaintzen dio erabiltzaileari: 360 graduko kamerak orkestraren barruan egiten duen mugimenduari esker, ikus-entzuleak musika entzun eta sentituko du modu berri eta harrigarri batez, eta instrumentuen familiak esperimentatuko ditu.

MURGILTZE-ESPERIENTZIA BI DENBORATAN

Murgiltze-esperientzia honek berrogeiren bat minutuko iraupena du, bi denboratan banatua. Film panoramiko baten proiekzioarekin hasten da, eta ondoren errealitate birtualera jauzi egiten du, Mahler Chamber Orchestraren 360 graduko ikuspegia eskaintzeko, Dudamelen zuzendaritzapean eta Bartzelonako Lizeoko Antzoki Handian grabatua.

Proposamena bi unitate tolesgarritan gauzatzen da, eta zabaltzen direnean, bakoitzak ehun metro koadro ditu: lehenengo gunean pantaila handiko film bat (12 minutu) ikusten da eta bigarrena errealitate birtualeko pelikulari eskainia dago (12 minutu). Lehenengo eremuan bizipen birtualaren soinu eta irudi bidezko sarbide bat eskainiko da; hitzik gabeko filma da, non soinuak eta musikak istorioa gidatzen duten. Horren helburua da abagune bat sortzea, egunero, nonahi, inguratzen gaituzten soinu-paisaien gaineko kontzientzia har dezagun.

Munduko leku desberdinetako hiru musikari gazte dira hasierako proiekzio honen protagonista, eta Kolonbian, New Yorken eta Mediterraneoko itsasertzean filmatu zen. Bizi diren lekuetako soinuen eta musiken erretratutik, ulertzen ahal dugu haietako bakoitza nola dagoen konektatuta bere inguruko musikarekin. Kontrasteen mosaiko horren bidez, ikus-entzuleak ikasi ahal izanen du nola ausazko soinu horiek, gizakiaren adimenari esker, musika bihurtzen diren eta kulturen arteko loturak eratzen dituzten.

Lehenengo ikus-entzunezko hori ikusi ondoren, murgiltze-esperientzia musikala ezagutuko dute ikus-entzuleek, errealitate birtualean oinarritutako dispositiboen bitartez. Beethovenen Bosgarren Sinfonia entzun ondoren, eta Gustavo Dudamel bertatik bertara ikusi ondoren, bizipenak beste leku batean jarraituko du: Luthier baten lantegian. Han, ikus-entzuleek zuraren soinua entzun ahal izanen dute, harizko instrumentuak egiten dituen artisauaren eskuek lantzen duten bitartean. Gero, artisaua lantzen ari den biolinaren barruan sartuko dira, eta hurrena, tronpeta baten barruan.

Musikaren ahalmen emozionala ezagutzea da helburua, eta horretarako, ikus-entzulea agertuko da Gustav Mahlerren Lehenengo sinfoniaren hasierako doinuak lagundurik, ingurune barnekoi eta berezi batean, eta bidaia amaitzeko, berriro ere orkestrarekin, oraingo honetan West Side Story filmeko Mambo alaia, Leonard Bernsteinek ondua, interpretatzen duena.

250 LAGUNETIK GOITI PROIEKTUARI ENGAIATUAK

Proiektuaren jatorrizko ideia orain dela lau urte sortu zen ”la Caixa” Fundazioko Musika Departamentuan, eta haren zuzendaritza artistikoa Igor Cortadellas musikari eta sortzaileari agindu zion. Hark prestatu zuen gidoia, eta teknologia egokia bilatu zuen. Zuzendaritza musikala Gustavo Dudamel orkestra zuzendariari eman zitzaion. Haren eginkizuna asmo handiko proiektu hau baliozkotu eta biribiltzea zen. Ondoren, lehiaketa baterako deialdia zabaldu zen, alderdi teknikoa garatzeko, eta irabazlea Bartzelonako Glassworks enpresa izan zen, postprodukzioan, ikus-efektuen sorkuntzan eta animazio digitalean ari dena.

Konpainia hori proiektuari lotu ondoren, Londresko Visualise estudioa aukeratu zen, errealitate birtualarekin lotutako lanen egikaritza osatzeko, sektorean eskarmentu handikoa baita. Konpainia horiek biek, Igor Cortadellasen eta haren talde IgorStudioren zuzendaritzapean, gainbegiratu zuten produkzioaren planifikazioa, eta tresnak sortu zituzten, prozesuaren aurre-produkzioa eta produkzioa hobetzeko. Erronka nagusietako bat 360 graduko kameraren kokapena aukeratzea izan zen, grabazioa egiteko garaian. Orkestraren barruan ikuslearentzat naturalena eta errealistena izanen zen ikuspuntua aurkitze aldera, 3D tresna bat sortu zuten, software baten bitartez, aldez aurretik ikusteko antzokiaren zein lekutan kokatzen ahal zen kamera, eta zer ikusiko zuen jakiteko.

Azken filmaketa Bartzelonako Lizeoko Antzoki Handian egin zen, 2019ko abuztuan, berariaz sortutako Meta One kamera prototipo bat erabiliz, argi gutxiko eszenak grabatu ahal izateko, eta 360 graduko beste edozein kamera baino lerrun dinamiko handiagoa eskaintzen zuena, gainerako kamera guztiak baino arinagoa eta txikiagoa zelako. Horrek orkestraren grabaketa hurbilagoa eta barnekoiagoa egiteko aukera eman zuen.

”Symphony” ikuskizunaren soinuaren grabaketan azken teknologia erabili zen. Sareko audioa erabili zen, kableen luzapenak ahalik eta gutxien erabiltzeko. Kable bakar batek 84 audio-kanal eraman zituen 96 kHz-ra eta 24 bits-era. Mikrofonoaren konfigurazioak berak azken belaunaldiko 3D grabaketa-teknikak erabili zituen. Musika-tresna multzo guztiak xehetasun handiz grabatu ziren, kalitate handiko mikrofono digital sorta bat eta mikrofono analogikoak nahasita, orkestraren xehetasun guztiak jaso ahal izateko, eta 360 graduko esperientzia bat sortzeko, ikus-entzulearen begiradari lagun egiteko.

Guztira, 250 lagunetik goiti aritu dira lanean eta laguntza emanez, proiektua errealitate bihurtzeko. Haietatik, ehun bat lagun eremu artistikoan aritu dira; bai David Bagué luthierra, bai Gustavo Dudamelen batutapean aritu diren Mahler Chamber Orchestrako 60 ezohiko mentoreak, bai Gustavo Dudamel Fundazioko 41 artista gazteak (5 kontinenteetako 22 herrialde ordezkatzen dituzte, hots, herrialde hauetatik etorritakoak: Estatu Batuak, Hong Kong, Japonia, Espainia, Norvegia, Venezuela, Kolonbia, Korea, Suedia, Frantzia eta Argentina). Guztien artean biziberritu dituzte errepertorio klasikoko hainbat maisu-lan, eta bidenabar musikaren eta arteen ateak zabaldu diete gazteei, beraien etorkizun sortzailerako tresnak eta aukerak eskainiz.

TEKNOLOGIA, SORMENAREN ZERBITZURA

Errealitate birtualeko kontzeptu bisualak 360ºra filmatutako irudi erreala (live action) konbinatzen du ordenagailuz sortutako irudiarekin (CGI) eta horri eransten dizkio VFX bidez eragindako efektu bisualak, naturan inspiratutako ametsezko unibertsoak irudikatzen dituztenak, esperientzia are ederragoa eginez.

Sekuentzia grafikoak gero eta konplexuagoak dira, bidaia aurrera joan ahala, geruza eta testura ugari elkarren gainka ageri baitira, partituraren aldaketen airera egokituz, bidaiarik organikoena aurrera ateratzeko.

IKUSLEAK ETA PANDEMIARI AURRE EGITEKO NEURRI ERANTSIAK

“Symphony” proiektua pedagogiaren, kulturaren eta jolasaren arloko esperientzia da, 8 urtetik gorako ikusle guztientzako pentsatua, eta mugimendu fisikorik eskatzen ez duena erabiltzailearen aldetik, helburu nagusia musika entzutea delako. VR teknologia bera dela eta, gomendagarria da zenbait murrizketa ezartzea; esate baterako, 8 urtez beheitiko umeentzat eta epilepsia edo bertigoak dituzten pertsonentzat ere bai.

Koronabirusaren pandemiak bete-betean eragin zion proiektuaren ekoizpenaren azken zatiari eta unitate tolesgarrietarako prestatzeko lanari, eta estreinaldia iragan irailera arte atzeratu behar izan zen. Entitateak behar diren osasun neurri guztiak hartu ditu esperientzia hau segurua izan dadin. Garbitasuna indartu da, eta desinfekzio fotokatalitikoa (UV) egiteko sistema jarri du bi unitate tolesgarrietan. Desinfekzio sistema hori eraginkorra da giroko airean bezala espazioaren gainazal guztietan, era guztietako kutsagarri eta patogenoetatik garbitzen baititu.