Síguenos en redes sociales:

17. edizioa

Martxan da Saharako Karabana Solidarioaren edizio berria

Martxan da Saharako Karabana Solidarioaren edizio berriaBilboko Udala

BILBO. Martxan da jada urtero Aljeriako hegoaldean dagoen Tindoufeko errefuxiatuen kanpalekuetara janaria eta premiazko ondasunak eramateko Saharako Karabana Solidarioaren 17. edizioa. Larunbat honetan, otsailak 27, abiatu egin da Bilboko udaletxetik.

Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzi Itziar Urtasunek, Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkariak, Mohamed Limam Alí Amik eta Bizkaiko SEADen Lagunen Elkarteko ordezkariek konboia agurtu dute: Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara 100 tona inguru janari (arroza, lekaleak, pasta, kontserbako arraina, gatza edo azukrea) eta premiazko ondasunak (arropak, mantak, material higienikoa edo autoen ordezko piezak) eramango duten hiru trailer, anbulantzia bat eta lur orotako ibilgailu bat.

Konboi hau errepidez joango da Alacanteko porturaino, eta handik itsasontziz joango da Oraneraino (Aljeria), estatuko beste herri batzuetatik zetozen karabanekin batera. Ondoren, 2.000 kilometroko eta lau bat eguneko ibilbidea egingo dute Tindoufeko kanpamentuetaraino, maiatzean iritsiz.

17. EDIZIOA, ZAILTASUNAK GORABEHERA

Saharako errefuxiatuen bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko jarri da abian ekimen solidario hori, eta arreta berezia jarri da pertsona ahulenen osasunean. Aurten 17. edizioa izango da, nahiz eta zailtasunak egon COVID-19ak eragindako pandemiagatik; era berean, azaroaren 13an Marokoko armadak su-etena bortxatu izanak egoera berezia ekarri du Saharara.

Osasun-krisiak zailtasunak dakartza, eta eragin oso larria du alderdi sozioekonomikoetan Tindoufeko kanpamentuetako errefuxiatu sahararrentzat; 173.000 errefuxiatu inguru bizi dira han. Nahiz eta COVID-19ak kanpalekuetan izan duen osasun-eragina oso handia izan ez den, mugak ixteak, laguntza humanitarioa ez iristeak eta merkataritza- eta ekonomia-jarduerak gutxitzeak eremu horretako eguneroko bizitzarako zailtasunak areagotu ditu, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailak azaldu duenez.

SAHARAR HERRIARI LAGUNTZEKO UDAL LAGUNTZA ETA EKIMENAK

Bilboko Udalak urteko hitzarmena du SEADen Lagunen Bizkaiko Elkartearekin Karabana Solidarioa abian jartzeko. 2020an 10.000 euro bideratu ditu. Lankidetza horren bidez, sentsibilizazioa, parte-hartzea eta kontzientzia kolektiboa sortu nahi da, elkartasunean eta justizia sozialean oinarrituta. Balio horiek Udalarentzat estrategikoak diren proiektuetan defendatu dira, hala nola Bilbao Balioen Hiria proiektuan eta NBEren Agenda 2030en Garapen Jasangarrirako Helburuetan.

Atzenengo urteetan, Bilboko Udalak hainbat adierazpen egin ditu SEADeko legezko gobernua eta Fronte Polisarioa ezagutuz, autodeterminazio eskubidearen alde agertuz eta Espainiako Gobernuari eta nazioarteko komunitateari galdeginez susta ditzatela konponbide bidezko eta behin betiko bat lortzeko ekimen politikoak. Hala, duela urtebete, 2020ko otsailaren 27an, Bilboko Udalbatzak Adierazpen Instituzional bat onartu zuen Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) sorrera oroitzeko, Marokok Mendebaldeko Saharan duen presentzia salatzeko eta Nazio Batuei Mendebaldeko Sahararen gatazkaren irtenbide zuzen eta behin betikoa bultza dezala eskatzeko; hain zuzen ere, erreferendum baten bidez Saharako herriaren autodeterminazio-eskubideak praktikan jartzean datzan konponbidea.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) 1976ko otsailaren 27an Bir Lehu-n sortu zenetik larriagotuz joan da Aljeriako basamortuko errefuxiatuen kanpamenduetan eta Saharako lurralde okupatuetan bizi duten ezbehar humanitarioa. Saharar herriak lau hamarkada eta erdi daramatza basamortuan bizitzen, nazioarteko legeek onartutako autodeterminazio-eskubideaz noiz baliatuko zain.