Síguenos en redes sociales:

Musika, dantza, antzerkia, zinema eta literatura eskainiko ditu 'Arteeen Besarkada' Jaialdiak

Bilbao 700 Fundazioak antolatutako proposamenak Euskalduna Jauregiko Barria aretoan eskainiko dira martxoaren 2, 3 eta 4an. Bilbao 700 Fundazioak Musika-Música jaialdiaren bitartez beste era batera ikusaraziko ditu musika dituen harremanak dantzarekin, literaturarekin, zinemarekin eta antzerkiarekin.

Musika, dantza, antzerkia, zinema eta literatura eskainiko ditu 'Arteeen Besarkada' Jaialdiak

BILBO. Musika entzuteko eta kultura unibertsalaren beste adierazpen batzuk ulertzeko modu desberdin bat duten pertsonei bereziki zuzendutakoa. Halaber, Bilbao 700 Fundazioak antolatutako Musika-Música Jaialdiaren barruan gauzatuko da. Gainera, Bilboko Txistulari Bandaren bitartez txistuak ere bere tokia izango du Arteen Besarkada jaialdian

Literaturak, musikak, zinemak, dantzak eta antzerkiak eskainiko dira jaialdian, adituek azaldurik eta artistek eta musikariek interpretaturik. Euskalduna Jauregiko Barria aretoan eskainiko dira aurten proposamen erakargarrienetako batzuk. Bertan, hainbat ekitaldi egongo dira. Alde batetik, Musika eta Zinema, César Cocak zuzendua. Ibilbide musikal bat zazpigarren arteak emandako pelikula handi batzuetan barrena. “Anna Karenina”, “The Shining”, “The Elephant Man”, “Rashommon”, “Eyes Wide Shut”, “La pianiste” eta beste hainbat filmatako zatiak ikusiko ditugu, Prokofiev, Shostakovich, Ravel edo Shönbergen musika entzunez. Ostiralean, martxoak 2, arratsaldeko 19:00etan, eta larunbatean, martxoak 3, arratsaldeko 19:00etan Barria aretoan.

Beste alde batetik, Musika eta Literatura, “27ko belaunaldiaren musika” izenburupean, Iagoba Fanlo biolontxelo-jolearekin eta Pablo Amorós piano-jolearekin, Faustino Núñezek zuzendurik. “27ko Belaunaldia” deitutakoaren 90. urteurrenaren karietara, euskal txelo-joleak eta piano-jole andaluziarrak 27ko “beste” belaunaldi haren lana berreskuratuko dute, hots, belaunaldi literarioarekin batera sortu eta harekin batera garatu zen belaunaldi musikalarena, Gerra Zibilak eta erbesteak ahanzturara kondenatu zutena. Elkarrekin grabatu duten “Spanish Cello Sonatas” diskoan daude jasota obra guztiak, ez bakarrik gogora ekartzeko belaunaldi distiratsu bat dagoeneko ahaztuta dagoena Espainiako interpreteen ohiko errepertorioan, baina baita ere kalitate handiko musika-lanak direlako, batzuk benetako sorpresak. 27ko Belaunaldia ez zen izan bakarrik idazle belaunaldi bat. García Lorca, Alberti edo Salinasekin batera sortu zen orobat musikari gazte eta distiratsuen belaunaldi bat, zeinaren kideek askotan izan baitzuten harreman zuzena idazle haiekin. Belaunaldi horrek Manuel de Fallaren herentzia jaso zuen eta musika espainiarra garaiko Europako korronte abangoardistekin uztartu zuen. Larunbatean, martxoak 3, arratsaldeko 17:00etan.

Gainera, egun berean Musika eta Dantza Bilbao Sinfonietta Orkestrarekin eta Circle of Trust dantza urbanoko taldearekin (“Sysmophonik” ikuskizuna). Bilbao Sinfonietta taldeak eta Circle Of Trust dantza urbanoko konpainiak bat egin dute diziplina anitzeko ekoizpen-lan hau sortzeko. Britten eta Martinu-ren musika klasikoa oinarri bezala erabili dute ikuskizunean eskainiko diren koreografia garaikideentzat, breakdance dantzentzat eta bideo-proiekzioentzat. Larunbatean, martxoak 3, arratsaldeko 20:30ean, eta igandean, martxoak 4, arratsaldeko 19:15ean.

Hurrengo egunean, Musika eta Antzerkia, María Goricelayak zuzendurik eta Mikel Losada eta Adrián García de los Ojos interpreteen eskutik (Uccelli ikuskizuna). I. Mundu Gerra amaitu ondoren etxerako bidea elkarrekin hartzen duten bi txoriren itzulera kontatzen du antzerki honek. Dimitri kurrilo errusiar bat da, eta Francesco uso italiarra. Biek itzuli nahi dute etxera, baina ezin dute elkar ulertu. Horrela hasten da ibilbide bat Gerrarteko historian eta adiskidetasunean zehar. Bi lagunek elkarrekin egindako bidaia horretan ikasiko dute “beste guztiak joan direnean iristen den hori dela benetako laguna?”. Larunbatean, martxoak 3, eguerdiko 12:30ean, eta igandean, martxoak 4, arratsaldeko 17:00etan izango da. Goizean, Musika eta Antzerkia “Soldadu baten istorioa” ikuskizunean. Errusiako herri ipuin batean oinarriturik, soldadu baten istorioa kontatzen da: Etxera bidean doala, Josek topo egiten du deabruarekin, eta honek engainuz trukarazten dio etorkizuna iragartzen duen liburu bat Joseren biolinaren (bere arimaren) truke. Horrela hasten da Igor Stranvinskyren pieza musikal hau, Musika-Música jaialdian familia osoarentzako ikuskizun bat bihurtuko dena Bilbao Sinfonietta taldearen eskutik. Igandean, martxoak 4, eguerdiko 13:00etan. Barria aretoa.

Azkenik, Bilboko Udal Txistulari Bandarekin, Gerrarteko txistua, zeinak Guridi, Butrón eta Intxaustiren obrak interpretatuko dituen Garikoitz Mendizabal zuzendariaren gidaritzapean. Bi Mundu Gerren arteko urteak oso interesgarriak izan ziren txistuarentzat. Batetik, urte haietan silbotea errotu zen, gaur egun ezagutzen dugun laukotea sortuz, eta, bestetik, Txistulari Elkartea eratu zen 1927an, zeinak literatura musikal handia sortu baitzuen. Elkartea sortu zeneko 90. urteurrena ospatzen da aurten. Garai hartan musikari handiek txisturako musika konposatu zuten. Obra gehienak rapsodiak eta suiteak dira. Izenburu askotan euskal folkloreko elementuak ageri dira: sorginak, zortzikoak, bertso doinua, Idiarena, Mendiko soinua, Iparraldea eta bere kantua, kontrapasa, e.a. Igandean, martxoak 4, eguerdiko 11:45ean. Barria aretoa.