BILBO. Gaur goizean Bilboko Udalaren Kirol eta Gazteria Saileko zinegotzia den Oihane Agirregoitiak xehetasunak eman ditu, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Unibertsitate Zabalkuntzako zuzendaria den Nerea San Martínekin eta Deustuko Unibertsitateko Deustuko Campuseko zuzendaria den Pello Azpitarterekin eta parte hartzen duten banden ordezkari eta bakarlari batzuekin batera.
Azaroaren 15etik 18ra, funka, elektronikoa, trapa, indie edo rocka izango ditugu arratsalde eta gaueko saioetan uriko zenbait agertokitan. Bertoko banda eta bakarlari batzuekin batera Madrilgo, Valentziako, Bartzelonako eta Iruñeako beste batzuk arituko dira.
Zirkuituko egunetan banda edo bakarlari binak joko dute arratsaldeko saioetan eta beste binak gaueko saioetan. Gainera, bariku eta zapatu gaueko saioetan DJ batzuk arituko dira saioei amaiera emateko. Kontzertu guztiak doakoak izango dira.
Kontzertuak programatu ohi dituzten lokal batzuetan ezezik (Bilborock, Satélite-T, Shake, Badulake eta Dock), unibertsitateetako espazio batzuetan (Deustuko Unibertsitateko Audiotorioa eta UPV/EHUren Bizkaia Aretoa), kultur espazioren batean (Artelan Berreginen Museoa) eta ezusteko agertoki batean (Euskotrenen Zazpikaleetako geltokiko halla) ere izango dira saioak.
Bilboko Udalak izaera honetako programa eta ekimenen bidez Bilbo unibertsitate-hiria izatearen aldeko apustua indartzen du, jakintza eta bikaintasunaren bila ari diren gazteak erakarriz eta horrekin batera jarduera ekonomikoa sustatuz eta espiritu urbanorik erakargarriena, sortzaileena eta kosmopolitena piztuz, “Bilbo unibertsitate-hiria” izeneko udal proiektu estrategikoarekin bat etorrita.
IDEIAK MARTXAN’ EKIMENARI ESKER SORTUTAKO PROPOSAMENA
‘Uni Sound Bilbao’ ekimenaren oinarria ‘Ideiak Martxan’ deialdia da. Deialdi horren xedea gazteekin topaguneak sortzea da, gazteek udal programazioan parte har dezaten. Parte-hartzaileen adina 14-35 urtekoa izango da eta proposamenak banaka edo taldeka aurkeztu daitezke; taldeko kide bat gutxienez Bilbon erroldatuta egongo da.
“Ideiak Martxan” programan parte hartu nahi dutenek urteko edozein unetan bidal ditzakete euren proposamenak posta elektronikoz (zein Bilboko Udalaren edota Bilbao Gazteren webguneen bidez. Proposamenak jasotakoan, proiektuak egileekin aztertuko dira haien bideragarritasuna baloratzeko eta, posible bada, gauzatzeko.
‘BILBAO GAZTE NIGHT’ ANIMATZEKO UNIBERTSITATE MUSIKAREN ZIRKUITU BAT
Era berean, zirkuitu hau ‘BilbaoGazteNight’ programaren parte da. Gaueko aisialdiko eredu jasangarri, partekatu eta berritzaile bat, komunitateko elkarbizitzarekin eta norbanakoen osasunarekin eta ongizatearekin bateragarria dena, denon artean sortzeko beharrizanaren aurrean Udalak eman duen erantzuna da programa hori.
‘Bilbao Gazte Night’en diseinuak erantzuten die 18 urtetik 24ra arteko gazteen artean antzeman den aisia-eskariari, gazte horiek kirolaren eta kulturaren aldera erakutsitako interesari eta ohikoak ez diren kontsumo-guneetan dinamika berriak sortzeko premiari. Era berean, kontuan hartzen du gazteak gero eta beranduago irteten direla beren gaueko aisialdian, eta aisia-guneak dibertsifikatzeko premia dagoela, eta horregatik aurkezten ditu alternatiba batzuk uriko alde askotan.