BILBO. Bilboko Udalak eta Ameriketako Estatu Batuetako German Marshall Fund (GMF) erakundeak sinatutako hitzarmena izan da BUILD Detroiten antolatzeko arrazoia, foroaren edizio bat Amerika iparraldeko hiri batean egitea hitzartu zuten eta. Akordioaren helburua da Bilbo hiri- eta ekonomia-garapen iraunkorreko nazioarteko erreferentzia izatea Ameriketako Estatu Batuetan, bai eta hiri-politika berritzaile eta integratzaileak diseinatzen eta ezartzen ere.

Foro aukera bikaina da Detroit eta Bilboren artean dauden loturak sendotzeko. Izan ere, Detroitetik interes handia erakutsi dute Bilboren kasua ahalik eta hobekien eta gertuen ezagutzeko, hiria eta ekonomia berroneratzeko eredua den aldetik. Horren froga da BUILD ekitaldiaren aurreko hiru edizioetan Detroiteko Udalak beti bidali duela ordezkaritza bat Bizkaiko hiriburura. Aurtengo edizioan, Detroitera joango den Bilboko udal-ordezkaritzak Bilbao Ekintza udal-sozietateko zuzendari nagusia den Nora Sarasola izango du buru.

Eusko Jaurlaritza ere BUILD 2017 foroan egongo da, AEB eta Kanadako Euskadiko ordezkariak bertan parte hartuko baitu. Euskal enpresa pribaturen sektoreari dagokionez, LKS eta Idom hurbilduko dira, eta akademiaren munduari begiratuz gero, Deustuko Unibertsitateko Deusto Cities Lab eta UPV/EHUko Ingeniaritza Eskola bertaratuko dira. Fair Saturday ekimena ere ekitaldian egongo da kulturaren eta gizarte-ekimenaren ordezkari gisa. Bilbon sortu zen mugimenduak artearen eta kulturaren bitartez bidezkoagoa den mundu bat lortzea du xede.

Bilboko ordezkaritzak Detroiten izango duen lan-agenda

Bilboko Udaleko ordezkaritzak zeregin ugari izango ditu agendan, eta, besteak beste, Detroit Economic Growth Corporation eta Detroiteko Udaleko arduradunekin izango dituzte bilerak. Detroit Economic Growth Corporation ekonomia suspertzeaz eta berrikuntza sustatzeaz arduratzen da Amerikako hirian. Era berean, hiri-plangintzarekin, diseinuarekin eta ekonomia-garapenarekin zerikusia duten profesionalekin egongo dira harremanetan. Udal-ordezkaritzarekin batera egongo diren enpresa eta gainerako entitateek ere banan-banako topaketak izango dituzte Ameriketako Estatu Batuetako enpresa eta erakundeekin.

Detroit BUILD 2017ren egoitza gisa hautatzeko, erabakigarria izan da Kresge fundazioaren inplikazioa; izan ere, egoitza dauka Detroiteko metropolialdean, eta German Marshall Fund erakundeari eskatu zion foroaren aurtengo edizioa bertan izan zedin. Proposamena onartu egin zen Ameriketako Estatu Batuetako beste aukera batzuk aztertu eta gero. Erabakia hartzeko kontuan hartu zen Detroiteko Udalak BUILD ekimenari eman dion laguntza sortu zenetik, 2014. urtetik, alegia.

Politika berritzaileak hiriak lehiakorrak izan daitezen

BUILD 2017n Detroiteko erakundeetako ordezkariak bilduko dira, bai eta sormenezko industriako sektoreko zein unibertsitate-eremuko eragileak, hirigileak eta entitate filantropikoetako zein enpresa pribatuetako arduradunak ere. Hitzorduaren ardatz nagusia hirien eta eskualdeen lehiakortasuna eta sendotzea sustatzen duten politika berritzaileak izango dira, hau da, bizitzeko egokiagoak diren hiriak eta gizarte iraunkorrago eta kohesionatuago bat lortzea xede dutenak. BUILDen laugarren edizioan hiria eraldatzeko prozesuetarako politika eta estrategia eraginkorrak bilatu nahi dira, batik bat, aro digital berri honen testuinguruan.

Kresge fundazioak artean, kulturan, hezkuntzan, ingurumenean, osasunean, gizarte-zerbitzuetan eta komunitateko garapenean egiten diren inbertsioak eta dohaintzak sustatzen ditu, eta, gainera, BUILD 2017 Detroiten antolatzeko beharrezkoa den babesa eskaintzeaz arduratuko da. Ekitaldia antolatzen laguntzen asmoz, Bilbo Ekintzako teknikariak Amerika iparraldeko hirira joan ziren maiatzean, eta, bertan, Detroiteko Udaleko eta Detroit Economic Growth Corporation entitateko arduradunekin egon ziren harremanetan.

Hiru urteko hausnarketa eta proposamenak hirientzat

Bilboko Udalaren eta German Marshall Fund erakundearen lankidetzari esker, akordio garrantzitsuak lortu dira hiri-berrikuntzaren eta -plangintzaren alorrean. Lehenengo foroan, 2014an egin zena, iraunkortasunari, inklusioari, lidergoari, nazioartekotzeari eta bestelako kontzeptuei lotutako ideiak trukatu ziren, Ameriketako Estatu Batuetako nahiz Europako hiriek garatu beharreko funtsezko ezaugarri gisa. Bestalde, BUILD 2015 foroaren helburua lidergo berritzailearen bitartez lehenengo edizioan eskuratutako ideiak eta ondorioak ezartzea zen. 2016. urteko edizioan ideia eta estrategia berriak proposatu ziren gaur egungo ekonomiako, gizarteko eta politikako krisialdi egoeran hirien lehiakortasuna eta sendotzea bultzatzeko asmoz.