BILBO. 2017an zurrumurruen aurkako sarean sartu diren azken pertsonentzako prestakuntza izan da eta IKUSPEGI ? Immigrazioaren Euskal Behatokiak diseinatu du. Bertan, estereotipoak eta kultura, gizartearen aurreiritziak identifikatzeko estrategiak edo erantzunetan erabil daitezkeen elementu komunikatiboak landu dira.

Guztira, 23 agente berrik hartu dute parte ikastaro honetan, zurrumurruen aurkako proiektuaren barruan. Bilboko Udalak 2013an ezarritako estrategia horretan, atzerritarren inguruko zurrumurru faltsuak (gizarte baliabideak, hezkuntza, matxismoa, segurtasun gabezia edo laneko merkatua) desagerrarazi nahi dira.

200 AGENTE BAINO GEHIAGO IRITZI FALTSUAK DESAGERRARAZTEKO

Estereotipo negatiboen aurka egiteko, zurrumurruen estrategiak tokiko agenteen eta pertsonen sare bat sortu eta sendotu behar du, Bilboko auzo guztietan kulturartekotasunaren alde egiteko, aniztasunean elkarbizitzeko, eta bazterkeriaren aurka borrokatzeko.

Orain arte Basurtun, Begoñan, Deustun eta Errekalden jarri dira abian herritarren sarean eta jarduerak egiten dira gazteak ibili ohi diren lekuetan udal gazteguneen bidez, proiektuarekin bat egiten duten barrutiak gero eta gehiago izan daitezen.

Zurrumurruen aurkako 200 agente baino gehiago daude estrategiaren garapenean: auzoko elkarteekin edo aisialdiko taldeekin lotutako pertsonak, irakasleak, atzerritarrei laguntza emateko elkarteak edo artearen eta hezkuntzaren inguruko erakundeak, bai eta Bilboko herritarrak ere, bakoitza bere izenean.

Ekimen hau Herritarren eta Aniztasunaren II. Udal Planaren barruan dago, Bilboko Udalaren konpromisoa uri kohesionatu eta berritzaile baten alde lan egiteko, non garapena eta bizi-kalitatea izango baitira lehentasunak.

KULTURA ETA TRESNAK BAZTERKERIAREN AURKA

Zurrumurruen aurkako agente berrientzako prestakuntza hiru zati handitan egituratu da:

Immigrazioa: estereotipotik xenofobiara. Xabier Aierdi, IKUSPEGI ?Immigrazioaren Euskal Behatokiaren fundatzailea. Gai hauek landu dira: estereotipoak eta kultura, etorkinekin lotutako aurreiritzi negatiboak, nazionalitatearen ideia eta inpunitatearen eremuak.

Zurrumurruak identifikatzea: Gorka Moreno, IKUSPEGI ?Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria. Etorkinen inguruko zurrumurruak eta aurreiritziak identifikatu dira, eta estereotipoei buruzko gogoeta egin da.

Komunikazioko estrategiak zurrumurruen aurrean: Asier Gallastegi aholkulari sistemikoa, prestatzailea eta coach. Aurreiritziei erantzuna emateko komunikazioko elementuak eta estrategiak aztertu ditu, ikuspegi afektibotik eta komunikatibotik.

Era berean, aurreko urteetan egin bezala, Bilboko udalak prestakuntzako mintegiak egin ditu zurrumurruen aurkako proiektuko agenteentzat, gaurkotasuneko gaietan sakontzeko, adibidez gizarte laguntzak, eta gorrotoaren eta intolerantziaren aurkako ziberaktibismoa.