BILBO. Kasu honetan, Iñaki Urkizu zuzendariordeak zuzenduko du emanaldia, Noa Lur abeslaria eta Patxi González aktorea-abeslariaren laguntzarekin.

Denboraldiko laugarren kontzertua izango da eta jada ohikoa den bezala, Euskalduna Jauregian izango da,12:00etan. Sarrerek 5 euroko prezioa izango dute, zenbakituak izango dira eta Euskalduna Jauregiko txarteldegietan, www.euskalduna.eus webgunean eta Kutxabank-en zerbitzu anitzeko kutxazainetan erosi ahal izango dira.

Ekitaldia estilo desberdin eta musika tradizionalen ibilbide moduan antolatuta dago eta Patxi González gai bakoitza aurkezten joango da publikoa inplikatuz. Berarekin batera, Noa Lur, jazz abeslari bilbotarra ere egongo da. Noa Lurrek jazz europearreko gazte ahots onenaren saria jaso zuen Estoniako “Nomme Jazz” Nazioarteko Jaialdian.

Programa John Kanderen “Cabaret” obrarekin hasiko da eta jarraian Carlos Gardelen “Mano a mano”, Duke Ellingtonen “Don’t get around much anymore”, Noel Estradaren “En mi viejo San Juan”, Luiz Floriano Bonfáren “Mahna de carnaval", Harry Warrenen “Chattanooga choo choo”, Al Feldmanen “A tisket a tasket”, Louis Primaren “Sing, sing, sing”, Bob Gaudioren “Can't take my eyes of you”, Luigi Denzaren “Funiculì, funiculà”, Milton Deluggen “Orange colored sky” eta Sebastián Iradieren “La paloma” entzungo dira. Azkenik, Benito Lertxundiren obrarik ezagunenetarikoa interpretatuko da, “Oi ama Euskal Herria”, hain zuzen ere. Obra gehienen moldaketak Iñaki Urkizuk zuzendariak berak egin ditu.

Emanaldi honen ostean, entzuleek “Batzen gaituen haizea” zikloarekin disfrutatzen jarraitzeko aukera izango dute, betiere Euskalduna Jauregiko Auditoriotik atera gabe. Azaroaren 5ean, igandea, publikoak ikuskizun apartaz gozatu ahalko du. “Estetikak batzen” lelopean, Barcelona Clarinet Players (Alejandro Castillo, Martí Guasteví, Manuel Martínez eta Javier Vilaplanak osaturik) laguntzarekin eta José R. Pascual-Vilaplanaren zuzendaritzapean, 2 estreinaldi eskainiko dira. Bata zuzendari titularra berarena (“Kelarnit” , for clarinet quartet and wind band) eta bestea V.

Vallésenarena (“Chemins I”, estreinaldia mundu mailan). Halaber, M. Gould, W. F. Mcbeth eta A. Blanquerren obrak entzungo dira.

ZUZENDARIA: IÑAKI URBIZU

Beasaingo Udalaren Bandan hasi zen tronpeta jotzen, zortzi urterekin, familiaren tradizioari jarraituta. Handik Tolosako Udal Bandara pasatu zen eta han bakarlari jardun zen hamarkada batez. Donostiako Goi-mailako Kontserbatorioan egin zituen tronpeta-ikasketak Juan Manuel Gómez de Edeta irakaslearekin. Irakasle jardun da Beasain eta Tolosako musika-eskoletan, baita Arrasate Musicalen ere.

Instrumentista moduan Euskal Herriko talde askorekin elkarlanean aritu da. Horietako aipagarrienak hauexek: Bilboko Orkestra Sinfonikoa, "Arrasate Musical" Orkestra Sinfonikoa, Juan Crisóstomo de Arriaga Kontserbatorioko Banda Sinfonikoa, Donostiako Talde Barrokoa, Lattor metalezkoen boskotea, Araba Brass Taldea eta Gasteiz Big-Band; azken honetan, gainera, zuzendaria izan zen. Bakarlari moduan egindako lana ere aipagarria da, Benantzi Bilbao eta Aitor Olea organistekin, eskainitako organoaren eta tronpetaren kontzertuetan.

Banden munduan oso ezaguna da moldaketak eta transkripzioak egiteagatik eta musika-banda askok jaso ohi dituzte bere lanak programetan. Laurogeiko hamarkadatik aurrerako euskal musikaren bilduma bat prestatu du eta horien lehen hiru zenbakiak argitaratuta daude: Jaialdia, Dantzaldia eta Betikoskorri. Azken lan hori izenak, adierazten duenez, "Oskorrí" folk-talde ezagunaren omenez egina.

Ertzaintzako Musika Bandako zuzendaria izan zen 1998tik eta banda horretan tronpeta-jole bakarlari-plaza ere izan zuen. 2006an Bilboko Udalaren Musika Bandaren zuzendariordearen postua jaso zuen. 800 kontzertutik gora zuzendu ditu eta bere batutapean CD bat grabatu da, Bergarako Orfeoiarekin batera, José Franco, Luis Aramburu, José M ª González Bastida eta Juan Arzamendiren lanekin. Banda biekin zenbait CD grabatu ditu. Errepertoriorako egindako ekarpena ere handia da, egungo gai askoren hainbat bertsio eta moldaketa eginda, bandarentzat egokituta eta ezaugarri pedagogikoetara moldatuta.