BILBAO. Bilboko Udalak ordu bi luzatuko du ostalaritzako lokalak ixteko ordua urian garrantzi handiko ekitaldiak daudenean edo egun bereziki seinalatuetan zein Bilborako interes turistikotzat jotako egunetan, hala eskatu dio-eta Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak.

Ekainaren 17an (zapatua) uriaren sorrera ospatzeko Gau Zuria izango da. Hori dele-eta, ostalaritzako lokalak ixteko ordua luzatu egingo da.

Luzapen hori ondoren adierazitako egunetan aplikatuko zaie ostalaritzako lokal guztiei, “eguneko lokalei”, terrazei, kanpoko kontsumokoei eta osagarriei izan ezik, bestelako ordutegia dute-eta:

  • Gau Zurian, ekainaren 17an.
  • Bilbao BBK Live jaialdian, uztailaren 6an, 7an eta 8an.
  • Aste Nagusian, abuztuaren 19tik 27ra (kasu honetan, ordutegiaren luzapena “eguneko lokalei” ere aplikatuko zaie).
  • BIME jaialdian, urriaren 21ean.
  • HALLOWEEN gauean, urriaren 31n.
  • Gabonen aurreko aldian, abenduaren 1etik 9ra bitartean.
  • Gabonetan, abenduaren 15etik urtarrilaren 6ra bitartean.