BILBO. Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak, Xabier Olazabal “El Sol” Publizitate Komunikazioko Jaialdi Iberoamerikarraren zuzendariak eta Carlos Rubio jaialdiko gerenteak gaur goizean bisitatu dute Bilbon ekainaren 1ean, 2an eta 3an egiten ari diren nazioarteko jaialdi honetako 32. edizioko lan grafikoen erakusketa.

Aurten, 193 agentziak eman dute izena eta 2.034 publizitate-pieza aurkeztu dira. Horrela, bada, El Sol jaialdiak gaztelania eta portugesa jorratzen dituzten jaialdien erreferentzia izaten jarraitzen du. Jaialdia Bilbon egiten hasi zenetik, % 7,2 igo da aurkeztutako lanen kopurua. Igoera horren barruan, Espainiako agentzien lanek gorakada txiki bat izan dute azken urteotan, eta Latinoamerikatik datozenen kopurua % 19,7 igo da.

PARTE-HARTZAILEEN IGOERA

Guztira, estatuko, Portugaleko eta Latinoamerikako 1.500 profesionaletik gora etorriko dira eta Bilbon erakusketen, proiekzioen eta hitzaldien programa osoaz gozatu ahal izango dute. Izan ere, jaialdiaren azken etapa honetan, proposatutako edukien kalitateari eta kopuruari esker, programatzen diren hitzaldietara joaten diren pertsonen batez bestekoa % 85 igo da.