BILBO. Bilboko Udalak gaur goizean harrera egin die Genuine Athletic Club Fundazioko jokalariei, teknikariei eta zuzendari-taldeko kideei. Iazko denboraldian, fundazioa LaLiga Genuine Santander-en Fair Play kategoriako irabazle izan zen, jokatutako partidetan erakutsitako kiroltasunagatik, errespetuagatik eta joko garbiarengatik.

Ekitaldi honen bidez, adimen-ezintasuna duten pertsonak kirolaren bidez integratzearen aldeko ekimen honi errekonozimendu publikoa egin zaio. Izan ere, balio-harrobi garrantzitsu bat da gizarte osoaren aurrerapenerako, eta pertsona guztien osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko.

LaLiga Genuine Santander liga 2017an abiatu zen, gizarte erantzukizuna bere barnean biltzen duen proiektu gisa, LaLiga fundazioak antolatua. Lehiaketa 8ko futbolaren modalitatean egiten da. Lau zatiko partidak jokatzen dira, hamar minutukoa bakoitza. Bi multzok jokatzen dute, eta multzo bakoitzak lau talde dauzka.

Sailkapenak ez ditu soilik kirol-emaitzak kontuan izaten, baizik eta jokalarien, entrenatzaileen eta zaletuen kiroltasuna, portaera eta bestelako fair play jokabideak. Azken hiru urteetan, LaLiga Genuine Santander-ek parte hartu duten taldeen kopurua bikoiztu du: 2017-18 denboraldian 18 talde izan ziren, eta 2019-2020 denboraldian, berriz, 36.

48 pertsonako plantilla batekin, zeinetatik % 10 emakumeak diren, Genuine Athletic Club lehiaketa goreneko hiru plantilletako bat da, Athleticen mutilen eta nesken taldeekin batera. Azaroaz geroztik, peña ofizial bat dauka, bere joan-etorrietan berarekin doana, eta mota guztietako ekitaldi sozialak antolatzen eta beraietan parte hartzen duena, ezintasunak dituzten pertsonak kirolean integratzen laguntzeko helburuarekin.