Bilboko Udalak antolatutako FANT Bilboko Zinemaldi Fantastikoak 30. urteurrena ospatuko du maiatzaren 3tik 11ra. Irekiera saioan, aurten FANTek JAVIER BOTET eta IVAN MIÑAMBRESi emango zaizkie Ohorezko FANT Sariak, maiatzaren 3an, ostirala, Campos Eliseos Antzokian.

FANT 2024 dagoeneko berotzen joan da bere PreFANT zikloko proiekzioekin eta hainbat jarduera paraleloren iragarpenarekin, erakusketak eta musika protagonista nagusitzat hartuta, baina maiatzaren 3an, ostiralean, hasiko da ofizialki 30. edizioa, Campos Eliseos antzokian egingo den gala batekin.

Ekitaldi horretan "La mujer dormida" (2024, Espainia) proiektatuko da. Laura Alveak zuzendutako thriller psikologiko honek Almudena Amor, Javier Rey eta Amanda Goldsmith ditu protagonista nagusi gisa. Ondoren, FANT LABURREAN-EUSKAL FILMAKen 13 film laburrak proiektatuko dira.

Bestalde, Cameron Cairnes eta Colin Cairnes zuzendarien "Late night with the devil" (2023, Australia) filma aukeratu da Zinemaldiari amaiera emateko, ostiralean, hilak 10, BBK Aretoan.

SARIAK

Javier Bonet aktorea ezaguna da 2007an Jaume Balaguerók eta Paco Plazak zuzendutako REC filmean (2021ean eta 2023an Ohorezko FANT sariak) "La niña Medeiros" interpretatu zuelako. Harrezkero, hainbat film luzetan parte hartu du: "La cumbre escarlata" (2015), "El renacido" (2015), "Expediente Warren: el caso Enfield" (2016), "Alien: Covenant" (2017), "El guardián invisible" (2017), "La momia" (2017), "IT" (2017) eta "Insidious: la última llave" (2018), besteak beste.

Ivan Miñambres portugaletetarrari dagokionez, nabarmendu behar da publizitatearen sektorean lan egin duela 2009an UniKo sortu zuen arte. UniKo animazioan espezializatutako ekoizpen-etxea da eta Alberto Vazquezek zuzendutako "Birdboy" bere lehen film laburra egin zuen honekin. Ordutik 12 film labur eta 3 film luze ekoitzi ditu, besteak beste. Bere lanetako hiru saritu ditu "Shorts from Spain" katalogo ospetsuak. Sari garrantzitsuak jaso ditu, sei Goya Sari barne, edo Epaimahaiaren Sari Nagusia Annecyko Nazioarteko Animazio Jaialdian. 400 sari eta 3.000 selekzio baino gehiago lortu ditu Berlin, Cannes, Toronto, Chicago, Annecy edo Clermont-Ferrand bezalako jaialdietan.

Sariei dagokienez, FANTen amaiera ekitaldia jaialdiaren une gorena izango da; maiatzaren 10ean, ostirala, BBK Aretoan, PEDRO OLEAri eta LAMBERTO BAVAri Zinemaldiko sari nagusia den ESTRELLA DEL FANTÁSTICO saria emango zaie.

Bilbon jaioa, Pedro Olea zuzendariak zinema-errepertorio zabala du, eta, besteak beste, "No es bueno que el hombre esté solo" (1973), "La casa sin fronteras" (1972) eta "El bosque del lobo" (1970) generoko filmak egin ditu industrian.

Lamberto Bava beldurrezko zinean eta fantasiazko filmetan espezializatutako italiar zinema zuzendari, ekoizle eta gidoilaria da. Bere filmografian "Demons" (1985) eta "Demons 2" (1986) nabarmentzen dira, baita bere giallo zinemako zintak ere, hala nola "Cuchillos en la oscuridad" (1983), "Crímenes en portada" (1987) eta "Puzzle mortal" (1992).

Sari horiez gain, FANTrobia saria ere emango zaio CÉLINE ROUZETi; sari honek generoaren barruan gorabidean dagoen pertsona bat aintzatesten du. Zuzendari eta gidoigile frantziar honek "140 km à l 'ouest du paradis" (2020) dokumentalarekin debutatu zuen eta "En attendant la nuit" (2023) fikziozko filmaren zuzendaria ere bada. Azken lan hau bere debuta izan zen generoko film luzean eta maiatzaren 9an Golem Alhóndiga zinemetan proiektatuko da.