BARAKALDO. Barakaldoko Tokiko Poliziak herriko hiru ostalaritza-lokal salatu egin ditu asteburu honetan koronabirusaren pandemia dela eta ezarritako segurtasun-neurriak ez betetzeagatik. Bezeroak dantzan ari ziren lokal horien barruan, musukorik gabe eta segurtasun distantziak errespetatu barik. Horrela azaldu du gaur goizean Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila arloko zinegotzi Angel Madrazok.

Lokal horietako bitan, arduradunek ez zuten batere neurririk hartu dantza-pista nola erabili azaltzeko, eta onartu egin zieten bezeroei hura erabiltzea. Alde horretatik, kutsatzerik gerta ez zedin, eta gertakarien larritasuna baloratu ondoren, Tokiko Poliziak establezimendu biak husteko kautelazko neurria hartu zuen.

"Hainbat aste daramatza Barakaldoko Udaleko Herritarren Segurtasuna eta Babes Zibila Sailak ostalaritza-establezimenduek eta bezeroek bete beharreko neurriez herritarrak jabearazten, bai eta jarduera garatzeko gaur egungo ordutegiei eta baldintzei buruz indarrean dagoen araudia gogorarazten ere. Zeregin hori, gainera, beste udal arlo batzuetatik osatu da", gogorarazi du Ángel Madrazok.

"Lehenago ere esan genuenez, lan horri Tokiko Poliziaren udaltzainek kalean egiten duten jagoletza erantsi zaio. Nahiz eta ostalaritza-lokal eta bezero gehienek egokiro eta arduraz jardun duten, ez dugu errukirik izango neurriak betetzen ez dituztenekin, eta ezarritako jarraibideei muzin egiten dieten jokaera guztiak zehatuko ditugu", ohartarazi du Madrazok.

Musukoaren erabilerari dagokionez, Herritarren Segurtasuna Arloko zinegotzi ordezkariak adierazi du joan den asteburuan 41 salaketa egin zirela musukoa ez janzteagatik. Uztailaren 15etik -musukoa derrigor erabili beharra aldarrikatu zenetik, alegia- 115 zehapen proposamen egin dira. Eusko Jaurlaritzak tramitatuko ditu isun horiek guztiak.

MUSUKORIK EZ ZERAMAN GIZON BAT ATXILOTU DUTE

Tokiko Polizaren agenteek atxilotu egin dute gizonezko bat musukoa ez erabiltzeagatik salatzerakoan identifikatzeari uko egin diolako.

Aurrekoari loturik, Madrazok berriz ere gogorarazten die herritarrei musikoa derrigor erabili beharra dagoela, birusak aurrera egin ez dezan: "egoerak okerrera egin du Bizkaian, eta ugariak dira azken egunotan gertatutako kutsatzeak".