EHUn akademikoki aitortua izan da lehen aldiz Kitxuaz idatzitako Master Amaierako Lana
María del Cielo Galindo ikasleak, hizkuntza gutxiagotuen presentzia eremu akademikoetan aldarrikatu du
María del Cielo Galindo Boliviarrak bere Master Amaierako Lana (MAL) aurkeztu zuen ekainaren 26an: 'Participación política de la mujer indígena y minera desde el feminismo comunitario en el cono sur de Cochabamba-Bolivia', kitxueraz eta gaztelaniaz idatzita. Lanak Boliviako emakume indigena meatzarien jardun politikoa eta kultura-erresistentzia aztertzen ditu, ikuspegi dekolonial eta kolektibo batetik. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) hizkuntza indigena horretan idatzi eta aurkeztu den lehen MALa da.
Galindo Zientzia Politiko eta Nazioarteko Harremanetan lizentziatua da, Bolivian. Gradu Amaierako Lana kitxueraz aurkezten saiatu zen han, baina epaimahaiak ezeztatu egin zion proposamena, hizkuntza ez zekiela argudiatuta. “Boliviako konstituzioak 36 hizkuntza indigena onartzen ditu, baina praktikan ez zaigu eremurik eskaintzen gure hizkuntzetan ekarpenak egiteko”, dio María del Cielo Galindok. EHUn Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra ikasi du eta bere Master Amaierako Lanaren tutoreak, Izaro Gorostidik, lana kitxueraz idaztea eta aurkeztea proposatu zion. “Masterra hasi nuenean, argi neukan nire hizkuntza espazio akademikoetara eraman nahi nuela, eta ezin dela herri indigenen borroka, memoria edo pentsamendua ulertu haien hizkuntza ulertu, ezagutu eta errespetatu gabe”, salatzen du Galindok.
Itzulpena, zaintza eta elkarlana
Ia lan osoa jatorriz kitxueraz idatzi zuen eta ondoren gaztelaniara itzuli. Itzulpen prozesuan bere anaiaren laguntza izan du testua borobiltzeko, eta lanaren aurkezpen egunean berak egin zuen aldibereko itzulpena. “Esperientzia atsegina izan zela uste dut, batez ere, nire tutorearen, ikaskideen eta irakasleen babesa izan nuelako. Denek ulertu zuten ez nengoela bakarrik: nire arbasoekin nentorren, eta une hori errespetatzea eta babestea asko eskertu nuen. Defentsa, gainera, borroka kolektibo eta familiarra izan zen, nire anaiak aldibereko itzulpena egin baitzuen gaztelaniara, prozesu osoan zehar lagunduz”, azaldu du María del Cielo Galindok.
Bere haurtzarotik aitona-amonen ondoan bizi izandako hizkuntza-esperientziak funtsezkoak izan dira kontzientzia linguistiko eta politikoa eraikitzeko: “Kitxua nire ama hizkuntza da, nire amaren, amonaren eta nire arbaso guztiena; Boliviako emakume indigena askorena bezala”. Hizkuntzen bidez herrien pentsamoldea, historia eta erresistentzia ulertu daitezke. Horregatik, Galindoren esanetan, ezinezkoa da herri indigenen borroka eta parte-hartze politikoa ulertzea haien hizkuntza kontuan hartu gabe.
Hala ere, komunitatetik kanpo bestelako errealitate batekin egin zuen topo. “Komunitatean kitxua beti errespetatua izan bada ere, testuinguru akademikoetan historikoki mespretxatua izan da”, adierazi du. Masterra hastean, Galindok helburu argia zuen: kitxuera espazio akademikoetara eramatea eta erakustea “gure ideiak geure hizkuntzan adierazteko modua ere badela, inor kanpotik etorri gabe gure diskurtsoei etiketa jartzera”. Haren esanetan, ikerketaren bidez espazio horiek “berreskuratu” nahi ditu, emakume indigena batek sarbiderik izan ez duen gune horietan bere ahotsa entzunaraziz.
Hizkuntza, identitatearen eta borrokaren erro
María del Cielo Galindoren esanetan, hizkuntza ez da soilik komunikazio tresna bat, “sapi”-a(erroa kitxuaz) da: ”Gure herrien memoria kolektiboa, gure erroak, historia eta borrokak aldarrikatzeko modua”. Kitxuera, bere kasuan, ez da hitz egite hutsa; identitatearen eta erresistentziaren adierazle politikoa da. “Kitxuera hitz eginez, gure identitatea berresten dugu eta, aldi berean, patriarkatuaren eta kolonialismoaren egiturak desafiatzen ditugu, beti saiatu baitira gu ikusezin bihurtzen”, dio Galindok.
Etorkizunari begira, Galindok argi dauka bere ikerketa ibilbideari jarraipena eman nahi diola, ikuspegi internazionalago batetik. “Gustatuko litzaidake nire lana beste komunitate indigena batzuekin jarraitzea eta ikuspegi konparatibo bat ematea nazioarte mailan”, dio.
Kitxuera hiztunak ez dira Bolivian soilik bizi: Perun, Ekuadorren, Argentinan eta Txilen ere badira komunitateak. Bere ustez, ikerketa honek aukera ematen du “konektatzeko eta gure borrokak, pentsamenduak eta erresistentziak ikusgai jartzeko, tokiko mailaz harago”. Horrela, Latinoamerikako kultura amankomunaren aberastasuna eta aniztasuna nabarmentzea da bere asmoetako bat. Oraingoz, beka eta finantzaketa bila dabil Galindo; izan ere, Masterra Carolina Fundazioaren laguntzari esker egin ahal izan du.
Temas
Más en Sociedad
-
Quince personas atendidas este lunes en Euskadi por las altas temperaturas
-
El Gobierno inicia los traslados de menores migrantes con un grupo de diez a la Península
-
Ceder fotos a la inteligencia artificial: una acción tan invisible como peligrosa
-
Aumentan un 42% los casos de sarampión en el Estado respecto a 2024