Síguenos en redes sociales:

Milaka lagun Azpeitiko Kilometroan

Eguraldia lagun, giro ezin hobea izan zen goizeko lehen orduetatik

Milaka lagun Azpeitiko KilometroanJavier Colmenero

Milaka eta milaka euskaltzale bildu ziren atzo Azpeitian Izpiz izpi lelopean Ikasberri Ikastolak antolatutako Kilometroak 2024ak erakarrita. Giroa ikaragarria izan zen goizeko lehen orduetatik arratsaldera arteko ibilbidean, beste behin ere Gipuzkoako ikastolen jaiak duen indarra erakutsiz.

Irekiera ofiziala Ikasberri Ikastolan egin zen, 10:00etan. Skapaie txarangak hasiera eman zion ekitaldiari Izpiz izpi abestiarekin. Ondoren, Igor Aranbarri Azpeitiko Ikasberri Kooperatibako Kontseilu Errektoreko lehendakariak hartu zuen hitza. Aurtengo Kilometroak jaiaren hiru ardatzei jarraituz (euskara, kulturartekotasuna, aniztasuna eta paisaia) urtean zehar egindako lana goraipatu zuen Aranbarrik, baina adierazi zuen bidea ez dela Azpeitian atzo bizi izan zen jai egunarekin amaitzen. “Gure nahia aurtengo Kilometroan hasitako bidean jarraitzea da. Eguzkiloreak, jai honen sinboloak, argiztatzen jarraitzea nahi dugu, gure ardatzak etengabe mugitzen jarrai dezaten. Eta horretarako, ikasturte osoan erein dugun hazia ernetzeko baldintza egokiak sortzea da gure hurrengo erronka”.

Begoña Pedrosak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak, azpimarratu zuen Kilometroak 24ko ikurra den eguzkilorearen hiru ardatzek (euskara, kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza) duten garrantzia Euskal Herriaren izaera indartuz. “Argi izpiek kemen eta indarrra eman beharko digute ikasle eta familia guzti-guztien atxikimendua lortzeko. Ikastetxeetatik abiatuz herrigintza eragitea egokituko dugu. Horretan, euskal curriculumaren lanketa ez ezik, hizkuntza proiektu sendoak, irakasleen prestakuntza eta ikasleen aniztasuna lantzea egokitzeko beharrean sakondu behar dugu. Euskara hizkuntza bat baino gehiago dela adieraziz, munduan izan eta bizitzeko modu berezia ere bada”.

Bertsolaritzak ere bere tartea izan zuen Kilometroak 24ko irekiera ofizialean. Imanol Lazkanok, Ikasberri Ikastolaren sorburuan laguntzaileak, eta Joanes Azpillagak, Ikasberri Ikastolako ikasleak, bertso saio labur bat eskaini zuten Eider Mendozak, Gipuzkoako Ahaldun nagusiak, hitza hartu aurretik. Mendozak ere ez zuen galdu aukera balorean jartzeko Azpeitiko Kilometroaren kulturartekotasuna-aniztasuna eta herrigintza bultzatzearen aldeko mezua. “Euskara da elementu bat aniztasuna eta herrigintza jasotzen dituena. Euskara ezinbesteko da integraziorako baina jai dugu herri bezala euskara ez badugu babesten. Eguzkiloreak babesten du etxea, babesten du baserria, baina etxean bakarrik geratzen den eguzkilorea, mendian ez dagoena eta naturan ez dagoena, lehortu egiten da, eta berdin gertatuko da euskararekin ez badugu babesten eta ez badugu etxetik ateratzen”.

Alaitz Perez de Arenazak, Kilometroak Kultur Elkartearen lehendakariak, gizartea bere osotasunean bizitzen ari den aldaketa azkarrei zelan erantzun diezaiokeen ikastolen komunitateak mahai gainean jarri zuen. “Oso erritmo azkarrean bizi den gizarte globalizatua gara. Kontsumo eta harreman ohitura gero eta berdinagoak ditugu, ingurune digitala gure harreman-bizitzaren alderdi indartsu bihurtu da, eta indibidualizazio prozesuek ez dute etenik. Egoera horretan, ikastolen balioetan oinarritzen den ekarpen eraikitzaileak egitearen aldeko apustua egin behar dugu, euskaratik eta euskaraz. Eta horretan garela, EAEn onartu berri den Hezkuntza Lege berriaren testuinguruan eragile aktibo izatea dagokigu”.