Síguenos en redes sociales:

Herriko eskulturak zaharberritzeko prozesua hasi du Tolosak

Herriko ondarea babesteko, Tolosako Udalak udalerriko eskulturak zaharberritu eta garbitzeko lanak hasi ditu. Aurreikusita dago lanak bi hilabeteko iraupena izatea, gutxienez.

Izan ere, urteen poderioz, eta egoera klimatologiko eta bestelakoen ondorioz herriko eskulturak narriatu egin dira eta horien balorea aintzat hartuta, guztien egoera ona mantendu eta iraunkortasuna bermatze aldera, Tolosako Udalak herriko eskulturak zaharberritu eta garbitzeko lanei ekin die.

Lanak faseka gauzatuko dira

Eskulturen garbiketa eta zaharberritzea eskulturagintzan adituak diren pertsonek egingo dituzte eta faseka garatuko dira.

Lehen fase honetan, esaterako, Juan Loperen “Homenaje al baserritarra”, Koldobika Jauregiren “Kantu ixila IX” eta Eduardo Chillidaren “Lizardiren leihoa” eskulturak ari dira zaharberritzen. Lehena Poeta Lizardin dago kokatuta, Koldobika Jauregirena, halaber, Zabalarreta parkean dagoen harrizko pieza da eta Eduardo Chillidaren eskultura Aranburu Jauregiaren aurrean dagoena da.

Egingo diren esku-hartzeen bitartez, eskulturetan urteen poderioz jasandako narriadurak garbitu eta obren jatorrizko itxura berreskuratuko dira. Horretarako eskuz kenduko dira zikinkeria, zementu-hondarrak, gorotzak, likenak edota pintura-hondarrak, eskulturen harria eta materiala hondatzen ez dituen material eta produktuekin. 

Zaharberritze lanek bi hilabete inguruko iraupena izango dute, betiere baldintza klimatologiko egokiekin eta erabilitako materialak behar bezala lehortzeko denborak errespetatuz.