Síguenos en redes sociales:

Hiriko berdeguneen kalitatea hobetuko du Gasteizko Udalak

Gasteizko Udalak kontratu berri bat sinatu du aste honetan, hiriko berdeguneen kalitatea hobetzeko helburuarekin. Kontratu berri honekin, Udalak 18 milioi euro inbertituko ditu.

“Gasteizen pertsonako 42 metro koadro berdegune ditugu. Zorte ona da hori. Kontratu honi esker, arreta berezia jarriko dugu berdegune horiek mantentzeko eta hobetzeko lanean. Gainera, zerbitzuari jasangarritasuneko eta kalitate goreneko irizpide berriak gehituko dizkiogu”, azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak, Raimundo Ruiz de Escuderok.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak diseinatutako kontratu honen bidez, funtsezko hainbat lan egingo dituzte: berdeguneetako landare-elementuak mantentzea eta kontserbatzea (zuhaixkak eta heskaiak mantentzea, eskuzko ureztaketa…), 8 parke handiren garbiketa eta begetalak ez diren elementuak mantentzea, ureztaketako elementuak kontserbatzea eta konpontzea, zuhaiztietako izurriteen kontrola egitea, kartografiako lan teknikoak, informazioaren kudeaketa eta inbentarioa, ura duten elementuen garbiketa eta desinfekzioa, arabazozoen etzalekuen kontrola, esparruen irekiera eta itxiera eta Erdi Aroko erdiguneko etxarteetako jardinerak mantentzeko lanak.

Gainera, Gasteizko Udaleko Hiri-paisaiaren Unitateak modu positiboan baloratuko ditu kontraturako hautagai izango diren enpresek aurkeztutako eskaintzak aztertzeko garaian kontuan hartuko dituen irizpide batzuk. Hala, honako hauetarako neurriak puntuatuko dira: bioaniztasuna sustatzera bideratutakoak (azpiegitura berde berriak eta bioaniztasuneko urmaelak sortzea), kiropteroentzako (saguzarrak) ugalketa-kutxak instalatzea, horretarako gehituko liratekeen makina elektrikoak, kontrataren flotan ingurumena errespetatzen duten ibilgailuak gehitzea, eskuzko ureztaketako eremuetan ureztaketa automatikoa sartzea eta beste hobekuntza batzuk, adibidez.

Kontratua sei lotetan banatuta dago:

  • Hiriko berdegune ugariak mantentzea.
  • Elementuak urarekin garbitzea eta desinfektatzea.
  • Esparruak ireki eta ixtea.
  • Erdi Aroko erdiguneko etxarteetan dauden jardinerak mantentzeko lanak.
  • Izurriteen kontrola (garbiketa xaboidunak).
  • Arabazozoen hiriko etzalekuak kontrolatzeko lanak.

Lizitatzaile bakoitzari eslei diezaiekeen loteen gehieneko kopurua bikoa izango da.