Síguenos en redes sociales:

Ikastolen festa berriz dirdirka

Kilometroak ospatu ziren atzo Ibarran, “euskara eta euskal kultura erdigunean” kokatu zituelarik

Ikastolen festa berriz dirdirkaIker Azurmendi

Eguzkia eta jai-giroa nagusi izan ziren atzo Ibarran, aurtengo Kilometroak lekuko, Gipuzkoako ikastolak eta eurek eginiko lana ospatzen dituen festa. Pandemiak bi urtetan bertan behera uztera behartu eta gero, atzoko egunean azkenik ikastetxe mota hauen aldeko euskaltzaleek kalera bueltatzeko aukera izan zuten, Uzturpe ikastolaren antolakuntza lanei esker eta Irribarra lelopean.

Goizean goizetik gerturatu zen jendea herriko plazara, haurrek sortutako koreografiez eta munduko txoko ezberdinetako dantza, kantu eta doinuez gozatu ahal izateko. Tartean, mokadu bat jateko eta zerbait edateko aukera ere izan zuten, beti ere tokiko produktu eta eligaiak oinarri edukita. Egunean lorturiko dirua herriko ikastolako azpiegituran hainbat hobekuntza egiteko erabiliko da.

Ehundaka pertsona gerturatu ziren atzo Ibarrara.

Izan ere, atzoko ikastolen ospakizuna lau ardatz nagusiren inguruan garatu zen; musika, gastronomia, jolasak eta sormena. Ideia horien islada izan ziren ekitaldi guztiak; hala nola, erromeriak, txarangak, tailerrak, jolas libreak, herri bazkaria, artisau azoka edota hitzaldiak. Ibarrari dagokionez ekintzarik adierazgarrienak baliteke bertako piparrarekin loturikoak izatea, Emeterio Arresen parkean gauzaturiko pipar ibilbidea, besteak beste.

2022ko Kilometroak festa honen eredu berria ezarri duten lehenengo edizioa izan dira. “Ez gara ezer berria asmatzen ari”, gogorarazi zuen Nekane Artolak, Kilometroak Kultur Elkarteko zuzendariak. Aldaketa honen gako gisa aipatu zituen “jai parte-hartzaileago bat” lortzea, “euskara eta euskal kultura erdigunean” kokatzea eta “herriko eragileekin batera, elikadura sortzaileei tokia” ematea eta guztia antolatzeak suposatu duen “auzolan erraldoia” azpimarratu zuen.

Euskara, ikastolan eta kalean

Euskara beti izan dute ikur ikastolek; “harrotasunez esan dezakegu hezkuntza euskaldunaren asmatzaileak izan garela”, adierazi zuen Kilometroak kultur elkarteko zuzendariak. Hori eta “euskara eta euskal kulturaren transmisioarekin konprometituak” kontuan izanik, “ez gara identifikatuak sentitzen inguru pribatu terminoarekin”, esan zuen Artolak. Konpromiso hori “ikastoletan eta ikastoletatik kanpo” gauzatzen omen dute, “ikasle euskaldun eta euskaltzalea” lortzearen bidean eta, horretarako, murgiltze-ereduaren aldeko “apustua” egin dute. “Euskarak ezin du hizkuntza soil baten tratamendua jaso; gure herriaren, kulturaren eta izatearen oinarria da eta ditugun aukeren aurrean, joka dezagun ausart”, jakinarazi zuen.

Gainera, euren ikusmira zabala izaki, ikastolen helburua “Euskal Herri osorako hezkuntza-sistema eraikitzea” dela aldarrikatu zuen Artolak, “Iparraldeko eta Nafarroako” sistemak ere kontuan hartzen dituztelarik.

Ikastolen gobernantza eredua “kooperatiboa” da, Artolaren esanetan eta horrek proiektuan “langile eta familia konprometituak” dakartza. “Beren lan-orduetan eta lan-orduez kanpo ere denbora erabiltzen” dutela aldarrikatu zuen, “gure ala-semeek, gure ikasleek, hezkuntza hobea, euskalduna eta berritzailea izan dezaten”.

Hala ere, ikastetxe-mota ezberdinen arteko elkarlana gauzatzeko gonbita ere bota zuen Artolak. “Gure ereduak dituen onenak partekatzeko prest gaude, baina baita besteengandik jasotzeko ere, elkar osagarritu dezagun”.

Mende erdiko ikastola Aurtengo Kilometroak festaren antolaketa Uzturpe Ikastolari egokitu zaio, “Ibarrako ikastetxe bakarrari”, Amaia lasa zuzendariak gogorarazi bezala. 50 urtetik gorako ibilbidea egina dauka ikastola honek, 1970ean ekin baitzion, Bittori Olaetxea andereñoaren eskutik. Frankismoaren azken urteetan eman zituen lehen urratsak eta, herriko plazatik eta orain udaletxea dagoen eraikinetik pasa ostean, egun egungo kokalekuan ezarri zen.

Urteak pasa ahala, proiektua eta ikastola hazi egin dira, ekintza eta zerbitzu berriak gehitu zaizkiolarik, garaiko beharren arabera. Halaxe hasi ziren autobusa, sukaldari batean zentroan prestaturiko otorduak ematen dituen jangela eta beste hainbat zerbitzu eskaintzen. “Luxu bat da bizi garen herrian bertan horrelako eskaintza duen ikastola bat edukitzea, horrelako proiektua duen ikastetxea; bai Ibarrako eta bai inguruko herri txikietako haur eta herritar guztiei irekia” dagoena, plazaratu zuen zuzendariak. Egun, 70 langilez eta 500 ikaslez osaturiko ikastola da Uzturpe.

2023an, Errenterian 2022ko Kilometroak pasa berri dira, baina atzo ere datorren urteko edizioari agur egiteko aukera suertatu zen, Uzturpek Orereta ikastola errenteriarrari pasa baitzion lekukoa. Bertan ospatuko da 2023ko ikastolen aldeko festa, urriaren 1ean.

Jokin bildarratz

Euskararen tokia aniztasunean

Hezkuntza Legea. Atzokoa “jai eguna” izanik, “euskarari bultzada emateko aukera” ere bazela azpimarratu zuen. “Hemen euskarak osasun ona daukala esan dezakegu”, adierazi zuen; “beste inguru batzuetan”, ordea, “makalagoa da” eta, horrexegatik, “euskararen ezagutzan eta, batez ere, erabileran, bultzatzen jarraitu behar dugu”, aldarrikatu zuen sailburuak. Bide horri jarraiki eratu omen da Hezkuntza Lege berria; ondoren, baina, “hezkuntza komunitate osoaren ardura izango da”, Bildarratzen esanetan, “ikasle profil eleanitza” garatu eta “mundu global eta kultur anitzeko batean” integratzea.