Datorren astelehenean, hilak 10, Donostiako Udalak Kontxako pasealekuko baranda berritzeko eta espaloia handitzeko lanak hasiko ditu. Hori dela eta, babestutako gune bat kokatu da galtzadan, oinezkoek segurtasunez ibil daitezen. Txirrindulariek ere tarte horretatik ibili beharko dute, bizikleta eskuan.

Duñike Agirrezabalaga, Hiri Proiektuetako zinegotziak adierazi duenez, “obrak udara arte luzatuko dira. Kontxako barandaren 38 zati berrituko dira, horiei eusten dien horma eta zatiak lotzen dituzten harrizko ostikoak konpontzeaz gain. Jarduketa hori oso beharrezkoa da; izan ere, bai baranda bai horma egoera txarrean daude, eta barandaren zati batzuk barraz babestu behar izan ziren, gerta zitezkeen ezbeharrak saihesteko. Espaloia ere handitu egingo da, zoladura berrituz.”

Obra horretarako, Kontxa pasealekuko espaloia eta bidegorriaren trazadura zaharra okupatu behar dira, eta, beraz, errepidearen egungo erreietako batetik desbideratuko dira. Aldi berean, Mirakontxatik hurbilen dagoen aldean, areka bat egokitzen jarraituko da, eta, beraz, ordezko pasaguneari eutsiko zaio, semaforoarekin, baimendutako ibilgailuentzat.

Aurrerago, 2022ko aurrekontuaren kargura, beste 120 metro baranda berritu behar dira, 800.000 euroko aurrekontuarekin. Oporto galdategi portugaldarrak egingo du baranda berria, lehen fasean berritutako tarteekin egin zuen bezala.

Jarduera hori aprobetxatuz, Ondarretako arrapalaren farola Tenisaren ondoan fabrikatu eta jarriko da. Unitate gehiagorik ez zegoenez, molde berri bat egin behar izan da, ekaitzaren ondoren berreskuratutako piezak oinarri hartuta.