Gasteizko Udalak hamazortzi postontzi adimendun jarriko ditu Zabalguneko bederatzi lekutan, azken kontsumitzaileak paketea ondoen datorkionean jaso ahal izateko. Gasteizko Espazio Publikoaren sailak sustatutako sistema horren bitartez, paketeak bizikletaz banatu ahal izango dituzte.

Postontzira sartzeko, nahikoa izango da telefono mugikorra edo antzeko gailu adimenduna erabiltzea. Banaketa-enpresek baldintza hau bete beharko dute postontzi horiek baliatzeko: produktua bizikletaz edo oinez eramatea postontziraino. Bizikletaz banatzeko tokiko enpresa espezializatu bat arduratuko da horretaz.

“Proiektu honen bidez, beste urrats bat ematen dugu Garapen Iraunkorrerako Helburuen eta 2030 Agendaren baitan kokatzen den “Gasteiz Green Deal” plana betetzeko. Izan ere, ekimen aitzindari bat jarriko dugu abian, hirian eragina izango duena eta garapen ekonomiko iraunkorra, gizarte-kohesioa eta ingurumen-iraunkortasuna areagotzen lagunduko duena. Banaketa-ibilgailuak erdigunetik aterako ditugu, gure hiriko enpresei lagunduko diegu eta zerbitzu publiko berri bat eskainiko dugu, zeinak tokiko merkataritza sustatzeko balioko baitu”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Gainera, tokiko merkataritzari mesede egiteko asmoz, Udalak postontzi horiek doan erabili ahal izatea proposatuko die hiriko denda eta negozioei.

Udalak hiru helburu lortu nahi ditu zerbitzu publiko hori eskainiz:

  • Mugikortasun iraunkorra eta emisioen murrizketa: banaketa-enpresek diotenez, hiru paketetik bat ez da momentuan entregatzen, hau da, huts egindako entregak dira. “Banaketa horiek eta, batez ere, entregatzeko saiakerak murriztea lortzen badugu, furgonetak kaleetatik aterako ditugu, gure espazio publikoaren kalitatea hobetuko, erdiguneko trafikoa murriztuko eta gas kutsagarrien isurketa gutxituko“, adierazi du Gasteizko alkate Gorka Urtaranek. Hirian jarduten duten banaketa-enpresa nagusiek erabiliko dute sistema. Hamar enpresa inguru dira.
  • Tokiko kontsumoa sustatzea. Proiektuaren zutabe nagusietako bat da. Tokiko merkataritzari postontzi horiek erabiltzen utzita, erosketa errepikaria deritzona erraztu nahi da. Izan ere, herritarrek asteko ogia, fruta edo barazkiak erosi eta saltokiek produktuak postontzian utzi ahalko dituzte, erosleak ondo datorkionean jaso ditzan.
  • Ekonomia berdea. Arestian aipatutako guztiak, zalantzarik gabe, ekonomia berdea sustatuko du, alegia, Gorka Urtaran alkateak hirirako bultzatzen duen Gasteiz Green Deal itunaren oinarrietako bat. Gainera, banaketa-enpresek elkarlanean jardungo dute paketeak bizikletaz banatzen espezializatutako tokiko enpresekin. Horrela, ekonomia berdearekin lotutako proiektu berritzaileetan lan egiten duten Gasteizko enpresak sendotu eta bultzatzen lagunduko da.