Global Training programa

Praktikak atzerrian egiteko 65 beka eskainiko ditu Euskal Herriko Unibertsitateak

15.06.2021 | 12:36
New Yorkeko artxibozko irudia.

Euskal Herriko Unibertsitateak praktikak atzerrian egiteko 65 beka eskainiko ditu, Global Training programaren barruan. Deialdia irekita egongo da ekainaren 14tik uztailaren 16ra bitartean, eta 31 urtetik beherako tituludunentzat bideratuta dago.

 Beka hauek Basque Trade & Investment (Nazioartekotzeko Euskal Agentzia), SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia eta Eusko Jaurlaritzaren ekimena dira. Esan beharra dago Euskal Herriko Unibertsitatea dela EAEko goi hezkuntza eremuan bakarka aurkeztu den erakunde bakarra.

'Global Training' programak helburu du EAEko gazte tituludunen nazioz gaindiko mugikortasuna bultzatzea, beren profil akademiko eta profesionalarekin lotutako praktika profesionalak atzerriko herrialdeetako enpresa eta erakundeetan 6-12 hilabetez egin ditzaten, betiere aurrez prestakuntza praktikoko plan bat eratuta. Ingeniaritzaren, teknologiaren, bankaren, laborategien edota arkitekturaren arloko praktika profesionalak eskaintzeaz gain, garapen jasangarriarekin zerikusia duten praktikak ere eskaintzen dira, hala nola Argentinako Garapenerako Nazio Batuen Programan eta Nazio Batuen Munduko Itunen Sarean; kontserbazioarekin lotutakoak, Hegoafrikako Biodibertsitatearen eta Garapenaren Institutuan eta Hegazti Harrapariak Aztertzeko eta Kontserbatzeko Zentroan; kulturari buruzkoak, Estatu Batuetako Euskal Museoan eta Lisboako edo Limerickeko galerietan; eta genero berdintasunarekin eta emakumeen eskubideekin lotutakoak, Panamako NB Emakumeak erakundean edo Promundo Globalen (New York).

"Oso pozik gaude deialdiaren emaitzarekin, beste behin erakusten baitu gure unibertsitateak kalitateko proiektua aurkeztu duela. Hori dela eta, hainbat ezagutza arlotako 65 beka eskaini eta kudeatu ahalko ditugu", esan du M. Juncal Gutierrez Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara, Kultura eta Nazioartekotzearen arloko errektoreordeak.

Programari eta UPV/EHUren eskaintzei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, jo hona.

 
noticias de deia