BILBO. Datorren asteartean, ekainaren 8an, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa hasiko da. Aurten, 12.782 ikaslek egingo dute selektibitatea Euskal Herriko Unibertsitatean, iaz baino % 1,49 gehiago.

Batxilergoko ikasleetatik, 1.613k egingo dute Arabako Campusean, 5.956k Bizkaikoan eta 4.346 Gipuzkoakoan. Eta LHtik datozenetatik, 118k egingo dute Arabako Campusean, 429k Bizkaiko Campusean eta 272k Gipuzkoakoan.

Hizkuntzaren arabera, Batxilergoko ikasleen % 75k (8.925 ikasle) euskaraz egingo du, eta % 25k (2.990) gazteleraz. LHko ikasleei dagokienez, % 55k egingo du proba euskaraz, eta % 45k gazteleraz.

Azkenik, Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa egingo duten Batxilergoko ikasleen % 57 emakumezkoak dira, eta % 43 gizonezkoak. LHko ikasleei dagokienez, emakumezkoak % 69 dira, eta gizonezkoak % 31.

12.782 pertsona horiei gehitu behar zaizkie nota igotzeko irakasgai batzuetara aurkezten diren aurreko kurtsoetako beste 626 ikasle.

INKLUSIOA-PREMIA BEREZIAK DITUZTEN IKASLEAK

Desgaitasunak edota premia bereziak dituzten 411 ikasleek Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazio probetan egokitzapenak izango dituzte. Horrela, ikasle guztiek sarbide probetan aukera berdintasuna bermatuko dutela ziurtatuko da.

Desgaitasunak dituzten pertsonentzako zerbitzuak USEko epaimahaiei zuzenduriko gida argitaratu du Jardunbide egokien gida UPV/EHUko sarbide probetarako, ikasleen egokitzapen eskaerei eta horien aplikazioari erantzuna eta premia bereziak dituzten ikasleen arretan praktika egokiak ezartzeko.

OHIKOA BAINO EGOITZA GEHIAGO

Ohi denez, USE hiru egunetan egingo da, asteartetik, ekainak 8, ostegunera arte (hilak 10). Egoitzen kopuruari dagokionez, euskal unibertsitate publikoak eta Eusko Jaurlaritzak ohikoa den baino egoitza kopuru handiagoa mantendu dute, azterketak osasun baldintza onenetan egin daitezen. Hori horrela, UPV/EHUren hiru campusetako ohiko azterketa lekuei, gehitu egin zaizkie BEC, Bizkaian; FICOBA, Gipuzkoan, eta Iradier Arena, Araban. Egoitza horietan guztira 38 epaimahai egongo dira.

Halaber, iazko esperientzia ona kontuan hartuta, ordutegia berregin da, higiene, osasun eta antolakuntza neurriak betetzen direla bermatzeko, hala nola ikasleen itxarote eta atseden tarteak hobetzeko.

USE AZTERKETAK BERREGITURATZEA

Bestetik, covid-19aren pandemiak sortu duen ezohiko egoera dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Hezkuntza Sailak adostu dute 2020an ezarritako USEko gaien azterketak berregituratzea mantenduko dela.

Funtsean, berregituraketa datza azterketa bakoitzaren hautazkotasuna handitzean, aukera emanez nahasteko, modu ordenatuan eta galdera bakoitzaren puntuazioaren arabera, azterketa bakoitzaren A eta B aukeretako galderak. Ereduak, orientabideak eta ebaluazio eta zuzenketa irizpideak ikasturte hasieran ezarri ziren, eta probarako erabiltzen ohi direnak dira.

SEGURTASUN NEURRIAK

Higiene, osasun eta antolakuntza neurriak jasotzen dituen protokoloa ere prestatu da, probetan parte hartzen duten guztiek errespetatu behar dituztenak.

Hortaz, parte hartzaile bakoitzak azterketa egiteko materiala eraman beharko du (bolaluma, erregelak, kalkulagailua€), eta une oro mantendu beharko du ezarritako gutxieneko segurtasun distantzia. Maskara etengabe erabiltzea ere derrigorrezkoa izango da. Pertsona guztiek eskuak garbituko dituzte ikasgelara sartu aurretik, uraz eta xaboiaz edo sarreran ipiniko diren ontzietako gel edo soluzio hidroalkoholikoaz. Betiere dagokion epaimahaiaren presidente edota idazkariak emandako jarraibideak jarraitu behar izango dira.