BILBO. The Conversation plataformaren Aholku Batzordeak presidente berria dauka: Euskal Herriko Unibertsitateko Fisiologiako katedradun Juan Ignacio Pérez. Kultura Zientifikoaren katedrako zuzendariak Segundo Píriz ordezkatuko du kargu horretan, Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Batzarreko (EUEB) presidente ohia.

“Oso pozik nago izendapenarekin. Batetik ohore bat delako The Conversation bezalako itzal eta zabalkunde handiko hedabide baten aholku batzordeko presidentea izatea. Eta bestetik, UPV/EHUk ezagutzaren zabalkundeari ematen dion garrantziaren isla delako”, azaldu du Pérez Iglesias irakasleak.

Aholku Batzordea argitalpen horretako kontsulta organo nagusia da eta askotariko kideak ditu: batetik, akademia, zientzia, kultura, kazetaritza eta enpresa arlokoak; eta, bestetik, The Conversation sortu zuten erakundeetako ordezkariak. Bere eginkizuna argitalpen ekimen honen zorroztasuna eta sinesgarritasuna zaintzea da, horretarako irizpide akademiko, zientifiko eta intelektualetan oinarrituz.

The Conversation Espainia The Conversation plataformaren espainierazko lehen edizioa da eta plataforma hori, sortu zenetik (2011), Australia, Ameriketako Estatu Batuak, Frantzia, Erresuma Batua, Afrika, Kanada eta Indonesian ere edizioak izanda, jakintza akademikoa eta zientifikoa zabaltzeko munduko sare nagusia bihurtu da. The Conversation-en datu basean nazioarteko hiru mila unibertsitate eta ikergunetako ehun milatik gora egile daude. UPV/EHU The Conversation Espainia sortu zuten erakundeetako bat da -2018ko ekainean jarri zen abian- eta, 4,6 milioi irakurketa baino gehiago sortu dituzten 230 artikulu argitaratuta, plataformaren barruan Estatuko unibertsitate eraginkorrena da.