Sopelan eta Leioan Ibilaldian aurten / bidea egin nahi dugu euskaldunak izaten / iturri zaharreko ura ez dadin inoiz eten (...) Kala-kalata gure etxean / Kala-kalata gure herrian/ Kala-kalata ikastolan/ Kala-kalata ibilaldian.

Ibilaldiak badu bere aurtengo edizioaren abestia: Kala kalata. Gaur bertan aurkeztu dute Bilbon Ander Deuna eta Betiko ikastolek batera antolatutako edizioaren kanta eta bideoklipa.

Azaldu dutenez, XabiAburruzagak jarri dio musika eta Xabi Payak, berriz, kantaren letra idatzi du. Aiora Renteria, Maitane Salvador, Iholdi Beristain, Itziar Ituño eta bi Ikastoletako ikasleek jarri diote ahotsa edizio berezi honen doinuari. Azkenik, musikari dagokionez, Eriz Perez (gitarra akustikoa), Jose Urrejola (pianoa, perkusioak, programazioak, gaita eta whistle), Xabier Zeberio (biolina eta biola), Alberto Urretxo (tronboia), Andrzej Olejniczak (saxoa) eta Nikolas Zubia (tronpeta) musikariek hartu dute parte.

"Euskaraz bizitzen ikasteko"

Kantak Ibilaldiaren lelo berdina dauka eta antolatzaileen hitzetan "egileak inork baino hobeto jakin du berba gutxitan biltzen lelo horrekin adierazi nahi dena, hots, bidai honetan, goitik behera eta hezur-mamiraino, busti beharra dagoela. Busti beharra euskara ezagutu eta ikasteko, busti beharra euskaraz mintzatzeko, busti beharra euskara edonorekin edonon eta edonoiz erabiltzeko, busti beharra, azken batean, euskaraz bizitzen ikasteko".

"Ez da ez erronka makala geure buruei eskatzen dieguna eta lortu nahi duguna; euskaraz Ibilaldian, euskaraz etxean, euskaraz ikastolan eta euskaraz herrian!", gogorarazi dute antolatzaileek.

Sopelan maiatzaren 30ean

Ez da Ibilaldia Sopelan ospatzen den lehenengo aldia izango. 1990ean bertan antolatu zen Bizkaiko ikastolen jaia eta 1997an eta 2004an Leioan, azken hau, oraingoan bezala, Sopelako Ander Deuna Ikastola eta Leioako Betiko Ikastolaren eskutik. Hala, 2021ean, berriro ere, Sopelara helduko da ospakizuna, maiatzaren 30ean hain zuzen ere, modu horretan 2020-21 ikasturtean zehar Uribe-Kostan eta Leioan egingo diren ekimenei amaiera emanez.

Hala, antolatzaileen esanetan, Ibilaldia ospatzearekin batera lortu nahi diren helburuak hurrengoak dira: ikastola eredua indartu, Ikastolako komunitatearen eta herriko elkarte eta erakundeekiko harremanetan sakondu, ikastoletan dauden eraikinen berritze eta egokitze lanekin jarraitu, eta azkenik, jaiotze tasan ematen ari den beherakadari aurre egin; proiektu pedagogikoa ezagutaraztea.