Síguenos en redes sociales:

2,1 milioi euroko inbertsioa

Oroimenezko Zentroaren inguruko obrak amaitutzat eman ditu Gasteizek

Oroimenezko Zentroaren inguruko obrak amaitutzat eman ditu GasteizekGasteizko Udala

GASTEIZ. Gasteizko Udalak amaitutzat eman ditu Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren eta Arkupeen ingurua eraberritzeko lanak. Besteak beste, irisgarritasuna hobetu da, espazio publikoa berrantolatu dute eta instalazioak berritu dituzte.

Lanek urtebete baino gehiago iraun dute, eta 2,1 milioi euroko inbertsioa egin da: Barne Ministerioak 1,7 milioi jarri ditu, eta gainerakoa, Gasteizko Udalak. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek eta Barne Ministerioko idazkariorde Isabel Goicoecheak hartu dute parte bisitan.

Arabako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol diputatu Ana del Val ere izan da, haren sailak 84.055 euro inbertitu baititu inguruan aurkitutako hondar arkeologikoak musealizatzen, duten balio nabarmenarazteko. Orobat, Opacua SA enpresa esleipendunaren ordezkariak eta udal teknikariak izan dira ekitaldian.

"Proiektu honek hainbat hobekuntza ekarri ditu hainbat arlotan, hala nola irisgarritasunean, kaleen modernizazioan, gure ondarea berreskuratzean€ Eta erakundeen arteko lankidetzari eta elkarlanari esker egin dugu. Aurten, gainera, lanen bigarren faseari ekingo diogu, plaza berri bat eta estalitako aparkaleku berri bat sortzeko ", azaldu du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak.

"Lan hauek administrazioen arteko lankidetzaren eredu ezin hobea dira, herritarren onura helburu. Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren inauguraziorako abiapuntu ere badira; zentroa bakearen kulturaren alorrean nazioarteko erreferente bihurtzera deituta dago, eta Gasteiz gizarte eta kultura erakargune gisa sustatzen lagunduko du", azaldu du Barne Ministerioko idazkariorde Isabel Goicoecheak.

Foru diputatu Ana del Valen hitzetan, "erakundeen arteko lankidetza zein garrantzitsua den berriro erakutsiz, Foru Aldundiak zenbait arkeologia eta zaharberritze lan egin ditu, eta arkitektura zaintzekoak, gure ondarearen kontserbazioarekin konprometitu baikaude." Eta erantsi du: "Gainera, lan honek memoria historikoarekiko sentiberak diren herritarren zati baten eskaerari erantzuten jakin du, eta arabarren memorian zegoen bidegabekeria historikoa berdintzen du nolabait".

ERABERRITZEA

Egindako lanen bitartez, bost kaletako espazioa berrantolatu da, zoladura —leku askotan zaharkitu eta narriatuta— aldatu da, instalazio eta zerbitzuak berritu, hala nola argiteria eta saneamendua; orobat, oinezkoentzako lekua irabazi da, eta Alde Zaharreko irisgarritasuna hobetu, igogailu bat eta eskailera mekanikoak direla medio.

Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak erredaktatutako proiektuak berekin ekarri du lehen Arkupeen albotik zihoan trafikoaren desagerpena. Gune hori guztia oinezkoentzat da orain, halako moduan non are gehiago nabarmentzen den Justo Antonio Olagibel arkitektoaren lana, eta ostalaritza-terrazetarako gunea sortu da bertan. Trafikoarentzako beste bide bat sortu da Gobernuaren Ordezkariordetzaren eta Oroitzapenezko Zentroaren artean, Gernikako Estatutuaren kaletik.

San Frantzisko kalean ere lan garrantzitsuak egin dira, zegoen zoladura erabat aldatu baita, eta inguru horretako aparkalekuak desagerrarazi. Nabarmen handitu da hego aldeko espaloia, eta ipar aldekoan, zeharkako malda handia baitu, zabalera aldakorreko terraza bat sortu da, luzean. Bilketa pneumatikorako buzoiak ere berritu dira. Zehazki, aldatu egin da bilketa pneumatikorako sarearen trazadura, eta beira, kartoia eta ontziak biltzeko edukiontziak lurperatu, lehen zuten inpaktu bisuala desagerrarazteko. Horretaz gain, zuhaitz berriak landatu dira, eta bi eserleku luze jarri.

Era berean, aldaketa handia egin da Gernikako Estatutuaren kalean: trafikoarentzako bide berriaz gain, Erdi Aroko hiriguneko irisgarritasuna hobetzeko bi elementu erantsi dira bertan. Batetik, edukiera handiko (1.500 kg / 20 pertsona) igogailu panoramikoa, 5,45 metroko gorabehera gainditzeko. Igogailuaren alboan, berriz, eskailera mekanikoak instalatu dira, igotzeko zein jaisteko atal banarekin, bakoitza metro bat zabal. Orduero 6.000 pertsona eramateko gaitasuna du.

Mateo Moraza kalearen galtzada luzatu egin da, bide berriarekin lotzeraino. Lan hori funtsezkoa da eraberritzearen bigarren faseari heltzeko, Postetxearen eta Oroimenezkoaren artean plaza bat sortzea aurreikusi baita.

San Bizente aldapatik jaisten zen bidearen trazadura aldatuta, Olagibel kaleko trafikoa kendu ahal izan da Agirre Lehendakariaren kalearen eta Gernikako Estatutuaren kalearen artean. Hain zuzen ere, espazio horretan sortuko da plaza. Horren azpian, bizikleten lurpeko aparkalekua jarriko da. Ordura arte, bizikleta-aparkaleku ugari instalatu da Olagibel kaleko zati horretan.

Oroimenezko Zentroaren, San Frantzisko aldaparen eta Gernikako Estatutuaren kalearen arteko hirukian dagoen erdialdeko parterrean ere nabarmena da aldaketa. Bestetik, bizikleta mugikortasuna hobetu da, bidegorri berriak jarri baitira Gernikako Estatutuaren kalean (1,10 metro zabal) eta Mateo Moraza kalearen luzapenean, Oroimenezko Zentroaren ondoan (1,40 metro zabal). Hartara, nabarmen hobetu da Olagoibel kaletik datorren bidegorriaren jarraikortasuna. San Frantzisko kalean ere osatu da bidegorri bat, 1,5 metro zabal dena.

BIGARREN FASEA, AURTEN

Udala ingurua eraberritzeko lanen bigarren fasearen kontratazioa lantzen ari da dagoeneko; 2,2 milioi euroko aurrekontua izango du horrek, eta Estatuko Gobernuak 800.000 euro jarriko ditu. Proiektu horretan aurreikusi da plaza berri bat sortzea postetxearen eta Oroimenezko zentroaren artean, zeina espazio gardena, berritua eta oinezkoarekin adeitsua izango baita, berdegunez hornitua, eta Oroimenaren plaza deituko; bizikleta- aparkaleku estalia ere egingo da, bost ehun bizikletatik gora hartuko dituena.

AZTARNA ARKEOLOGIKOAK

Obrak egiten ari zirela, zenbait hondar arkeologiko aurkitu ziren, garai bateko San Frantzisko komentuarenak, baita haren aurreko egitura arkitektoniko eta hilobienak ere; hori dela kausa, lanek ukitutako aztarna guztien indusketa arkeologikoa egin behar izan zen. Gainera, aurkitutako egituretako batzuen interes historikoa ikusirik, beharrezkotzat jo zen bertan kontserbatzea bermatuko zuten jarduerak martxan jartzea, hiriaren Erdi Aroko iraganaren lekuko ikusgarri bihur zitezen. Udalak eta Aldundiak erabaki zuten elkarrekin lan egitea ingurune osoaren balioa nabarmenarazteko, zabalkunderako espazio erakargarri bat sortuz.

Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailaren mendeko Museo eta Arkeologia Zerbitzua eta Ondare Historiko, Artistiko eta Arkitektonikoaren Zerbitzua arduratu ziren San Frantzisko komentuaren hondarrak ikertu, dokumentatu eta kontserbatzeko lanen zati bat zuzenean egiteaz, 84.055,78 euro inbertsioa eginda. Gainerakoa obra-kontratu nagusiaren kontura finantzatu da.

Oro har, San Frantzisko komenturako sarrera nagusia izandakoaren hondarrak kontserbatu dira. Komentuaren jatorria XIII. mendekoa den arren, badirudi agertutako hondarrak elizaren atarikoak direla, zeina XVI. mendean eraiki baitzen, eta XIX. mendean aldaketa txiki batzuk jasan baitzituen, eraikina desamortizatu eta kuartel bihurtu zenean.

Eraikuntza-elementu garrantzitsuenak fatxada markoztatzen zuten bi zutabe handiren oinarriak dira, eta arkupearen jatorrizko zorua osatzen zuen enkatxo-zoladuraren zati bat. 17 metro karratu inguruko zoladura zati bat da, errekarriekin eta zeramikazko materialarekin egina, forma geometrikoak eta sei petaloko loreak osatuz.

Bestetik, plazaren gainerako zatian, zoruan irudikatu da indusketan aurkitutako hormen trazadura, zoladura bereizi batekin (ilunago batekin). Horma horiek eraikineko beste elementu batzuei dagozkie, eta askoz ere kota baxuagoan kontserbatu dira, zimendatze-mailan soilik.

Zenbait kartel jarri dira egindako indusketa arkeologikoan lortutako emaitzen berri emateko; horien artean, bereziki, agertutako hobiratzeak nabarmentzen dira —Erdi Aroko kronologia bati dagozkionak, baina komentua eraiki aurretikoak—, eta eraikinaren beraren egituren hondakinak. Orobat, eraikinaren gorabehera historiko nagusiak azaltzen dira, hasieratik 1930ean eraitsi zen arte.