EIBAR. Koronabirusaren pandemiak eragindako krisialdiak merkataritza eta ostalaritzako sektoreetan egindako kalte ekonomikoak gutxitzeko asmoz, Eibarko Udalak plataforma berri bat jarriko du martxan. Plataforma horren bidez, herriko establezimenduetan online erosketak egin ahal izango dira, eta etxez etxeko salmenta zerbitzua ere jarriko da martxan.

Horrela, ekimenak aukera emango du merkataritza-jarduera kontsumo-joera berrietara egokitzeko, digitalizaziorako tresnak eta laguntza emanez —bereziki pandemia-egoera honetan—, bai eta eskaintzen dituzten produktuei eta zerbitzuei ikusgaitasuna emanez.

Alberto Albístegui Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziaren hitzetan, "Ohiturak aldatu egiten dira, teknologiak aurrera egiten du eta horrek guztiak eragina du jendeak bere denbora erabiltzeko eta erosketak egiteko moduan. Horregatik, plataforma horrek berehalako konexioa eskainiko du edozein bezerorekin, dagoen tokian dagoela ere. Lehen esperientzia da eta sendotuz joatea espero dugu. ".

Udalak eta EMGIk sinatutako lankidetza-hitzarmen baten emaitza da proiektua eta B-Lokal enpresa arduratuko da ekimena aurrera eramateaz, bai plataforma digitalaren sorreran, parte hartuko duten establezimenduen eraketan eta erosketa digitalaren prozesu osoan.

Ekimenaren helburua da Eibarko merkatariak “Marketplace” baten barruan egon ahal izatea, non komunitatean salduko duten; alegia, erabiltzaile batek Marketplace-n erosi ahal izango du herriko hainbat establezimendutan, orritik irten gabe; eta erosketa guztia batera helduko zaio erabiltzaileak berak aukeratzen duen bidalketa-modalitatean.

Digitalizazioaren aldeko apustua egin nahi duen dendak Marketplace-ren barruan saldu nahi dituen produktuak aukeratu, salmentako prezioak zehaztu eta sartu nahi dituen produktu eta zerbitzuen deskribapenak gehitu baino ez du egin beharko. Prozesuaren gainerako guztia enpresak egingo du.

Hala, aurreko astean enpresak kanpaina bat hasi zuen, deiak eta bisitak eginez bertako merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzu-sektoreko establezimenduetara, lehen eskutik azaltzeko zertan datzan proiektua. Proiektuarekin bat egin eta digitalizazioaren aldeko apustua egin eta enpresarekin harremanetan jarri nahi duten establezimenduek —enpresa eurekin kontaktuan jarri baino lehen—, mezu bat idatz dezakete eibar@blokal.es posta elektronikoaren bidez, eta behar duten informazio guztia jasoko dute.

Lehen bilera hauen ondoren, eta prozesu guztia amaituta, aurreikusten da plataforma urtarrilaren amaiera aldera jarriko dela martxan.

Proiektua covid-19ren pandemiaren ondorioak arintzeko Talka Planean jasotako udal proposamen-sortaren barruan sartzen da, eta 45.000 euroko aurrekontua du.