BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateak administrazio eta zerbitzuetako langile eta irakasle-ikertzaileei bideratutako lan eskaintza publikoetarako deialdia egingo du. Horrela ezaguarazi egin du Nekane Balluerkak UPV/EHUren Gobernu Kontseiluak 2020ko azken bilera egin ostean.

Euskal Herriko Unibertsitateak 35 plaza eskainiko ditu AZPko langileentzat, horietako 3 barne promoziokoak izanik. Lan eskaintza publiko honek, aurreko urteetakoarekin batera, aukera emango du egungo aldi baterako edo bitarteko langileen kopurua muga arrazoizkoagoetara murrizteko. Era berean, aurrera egin ahal izango da plantillen eta langile egituren plangintza eta erregulazio egokian, baita kudeaketa prozesu arrunten normalizazioan ere.

Bestalde, UPV/EHUk irakasle-ikertzaileei zuzendutako deialdi bat ere egingo du. Deialdi horretan 93 plaza eskainiko dira, eta plaza horiei barne promozio bidez aterako diren unibertsitateko irakasle katedradunen beste 8 plaza gehituko zaizkie.

Nabarmendu behar da aipatutako lan eskaintza publiko horretako 93 plazetatik 86, hau da, % 92,5, enplegua egonkortzeko izango direla, hau da, irakasle-ikertzaileen lanpostuetan behin-behinekotasuna murrizteko. Azken horietatik, % 16 lanpostu finkoetarako izango da, bikaintasun programetan trebatutako ikertzaileen lanpostuak finkatzeko.

Nekane Balluerka errektoreak deialdi horien balioa nabarmendu du: "Giza kapitala unibertsitate erakunde baten baliorik handiena da. Pertsonen alde egitea unibertsitatearen beraren alde egitea da. Agintaldi honetan zehar, errektorego talde honek beti zaindu nahi izan ditu gure langileak, eta haien lan baldintzak hobetzeko nahia ere izan du. Ildo horretatik, administrazio eta zerbitzuetako langileentzako zein irakasle-ikertzaileentzako lan eskaintza publiko berri horiek, aurreko deialdietan ezarritako politika indartzen dute, aukera profesionalak eskaintzen jarraitzeko, aldi baterako edo bitarteko lotura duten langileen egungo ehunekoa murrizteko eta plantillen planifikazio eta erregularizazio egokian aurrera egiteko".

2021-2022 IKASTURTEKO EGUTEGIA

Halaber, ostegunean onartu du Gobernu Kontseiluak datorren ikasturteko egutegia (ikasturte hori irailaren 13an hasiko da, lauhileko, opor eta ezohiko eta ezohiko deialdien epeei dagokien denbora zehaztuta), baita hainbat fundazio eta hezkuntza zentrorekin egindako hitzarmen akademikoak ere.