BILBO. UPV/EHUko Arabako Campuseko errektoreorde den Iván Igartua izendatu egin dute Europako Akademiaren Hizkuntzalaritza Ikerketen (Linguistic studies) ataleko kide izateko. Akademiako kideek beraiek hautatzen dituzte kide berriak, atalean ataleko izendapen eta bozketa prozesua eginda.

Gaur egun, Hizkuntzalaritza Ikerketen atalak Europako herrialde ia guztietako 177 akademiko ditu. Arloan duten garrantziagatik, hauek nabarmendu daitezke: Bernard Comrie (Leipzigeko Max Planck Institutua), Greville G. Corbett (Surreyko Unibertsitatea), Frans Plank (Konstantzako eta Oxfordeko unibertsitateak), Balthasar Bickel (Zuricheko Unibertsitatea), Martin Haspelmath (Max Planck Institutua, Jena), Simon Kirby (Edinburgoko Unibertsitatea), Östen Dahl (Stockholmeko Unibertsitatea), Ian Roberts (Cambridgeko Unibertsitatea), Christian Lehmann (Erfurteko Unibertsitatea), Vladimir Plungian (Moskuko Unibertsitatea eta Errusiako Zientzien Akademiako kidea), Martin Maiden (Oxfordeko Unibertsitatea) eta Pier Marco Bertinetto (Pisako Unibertsitatea), Hizkuntzalaritza Ikerketen ataleko presidentea dena.

Ivan Igartua Ugarte (Gasteiz, 1972), Eslaviar Filologian lizentziatua (Moskuko Lomonosov Unibertsitatea, 1995), Hispaniar Filologian lizentziatua (UNED, 1997) eta Filologia Klasikoan doktorea (UPV/EHU, 2003). Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasketa Klasikoen Sailean, Eslaviar filologiako irakasle titularra da 2009az geroztik. Eslaviar eta euskal hizkuntzalaritza historikoari buruzko lau monografiaren egile da, bost talde liburuki editatu ditu, eta 80tik gora artikulu eta erreseina argitaratu, asko eta asko atzerriko aldizkarietan (tartean, ezagunenetako batzuetan; Language, Linguistics Society of Americarena, Linguistics, Diachronica eta Studies in Language). Hizkuntza aldaketa, hizkuntzen tipologia morfologikoa, izenen deklinabidearen bilakaera eslaviar hizkuntzetan eta biziduntasunak hainbat hizkuntzaren gramatikan dituen eraginen ikerketa, horiek bere iker arloak.

Era berean, bi literatur lan idatzi ditu euskaraz, eta El País egunkarian (EAEko edizioan) zutabegile aritu zen 1999tik 2008ra bitartean. Bost doktorego tesiren zuzendari izan da, eta horietatik lau nazioartekoak ziren. Antzinate Jakintzen Institutuko kide da, baita Julio Urkixo Euskal Filologia Mintegikoa ere. Halaber, Societas Linguistica Europaean, Slavic Linguistics Societyn eta Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordean hartzen du parte. Jakiunde EAEko Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide urgazlea da 2019ko azaroaz geroztik.

EUROPAKO AKADEMIA

Londresen egoitza duen Europako Akademiak ezagutza eta aurrerapen zientifiko bikaina garatzea eta hedatzea ditu helburu, bai giza zientzietan, bai gizarte zientzietan, osasunean, zientzia esperimentaletan eta teknologian. Zehazki, Europan ikerketa sustatzea du xede, eta nazioarteko erakundeei nahiz gobernuei zientzian aholku ematea, ikerketako diziplinartekotasuna bultzatuz.

23 sail ditu, besteak beste, biologia molekularra, fisika, matematikak, informatika, ingeniaritza, musika, historia, literatura, neurozientzia eta hizkuntzalaritza. Aldizkari bat argitaratzen du 1988tik Cambridge University Pressen eskutik, European Review, eta urtean behin biltzarra egiten du. 2021eko urrian egitekoa den biltzarrean, kide berriek kargua hartuko dute.

Iván Igartuarekin, Espainiak bost akademiko izango ditu Hizkuntzalaritza Ikasketen sailean. Horietako bat da Espainiako Errege Akademiako Ignacio Bosque (Madrilgo Unibertsitate Konplutentsea). Egungo Unibertsitateetako ministroa, Manuel Castells soziologoa, 1994az geroztik da Europako Akademiako kide, giza mugimendu, gobernantza eta ingurumen atalean.