Data ezberdinetan

Irailean jarriko dira martxan Eibarko kiroldegi guztiak

06.09.2020 | 04:00
Ipuruako polikiroldegia.

EIBAR. Aurreko astean zehar, irailaren hasierarekin batera, Eibarko Udalak herriko polikiroldegiak berriro martxan jartzen hasi da. Behin langile zein erabiltzaile guztien segurtasuna bermatzeko neurri guztiak abiarazita, data ezberdinetan hasiko dira ateak zabaltzen herriko udal kiroldegi guztiak.

Ipuruako eta Orbeako kiroldegien, hala nola Unbeko instalazioen jarduerak martxan dira dagoeneko, baina bakarrik kirol jarduerei dagozkienak. Hala, padela, tenisa edo beste jardueratarako espazioren bat alokatzeko, aurretik hitzordua eskatu behar da, eta bakarrik egongo da zabalik Patronatuko abonatuentzat. Kluben kasuan, kirol entrenamenduak egin ahal izango dira, baina bakarrik kirolariak federatuta dauden modalitateetan.

Bestalde, zuzendutako jarduerak irailaren 14an hasiko dira, baina haurrei eta seniorrei zuzendutakoak urriaren 1ean jarriko dira martxan. Jarduera guztietan murriztutako edukiera egongo da.

Patronatuko instalazioen funtzionamenduari dagokionez, Orbeako kiroldegian, zabalik daude igeriketa- eta muskulazio guneak, uztailaren 1etik. Unben, zabalik daude alokatu daitezkeen instalazio guztiak, ekainaren 15etik. Ipuruako kiroldegiari dagokionez, aste honetatik aurrera egongo dira zabalik muskulazio-gela eta alokatu daitezkeen instalazioak. Ipuruako igerileku estalia, bestalde, itxita egongo da eta ez da aurreikusten data zehatzik zabaltzeko. Kirol Patronatua Osasun Publikoak ematen dituen gomendioak aplikatzeko zain dago, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko.

Kanpoko igerilekua zabalik egongo da asteartera arte (irailak 8), egun hori barne.

Hala ere, instalazio guztiak, bai martxan daudenak, bai hurrengo egunetan zabalduko direnak, erabiltzaileen segurtasuna bermatuko duten higiene- eta osasun-neurrien mende egongo dira.

Udal kiroletako instalazioen irekiera-plana modu koordinatuan erabakitzen eta adosten ari dira Kirol Patronatuaren eta Udalaren artean. Horren harira, Alkatetza modu erregularrean izaten ari da bilerak Patronatuko arduradunekin, protokoloak eta gainerako baldintzak modu koordinatu eta seguruan egiteko.