GASTEIZ. Gasteizko suhiltzaileek adinekoentzako ia 50 egoitza desinfektatu dituzte koronabirusaren krisialdia hasi zenetik. Guztira, 392 desinfekzio eraman dituzte aurrera, Arabako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko Zuzendaritzarekin koordinatuta.

Martxoaren 24an ekin zioten lan horri. Geroztik, Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuan horretaz arduratzen diren langileek bost egunean behin desinfektatzen dute zentro bakoitza. Besteak beste, San Prudentzio egoitza, zeina dagoeneko 10 aldiz desinfektatu baita pandemia hasi zenetik.

Aldez aurretik programatutako zazpi desinfekzio egiten dituzte suhiltzaileek batez beste egunean. Hiru pertsonak osatzen dute taldea, kabo batek eta bi suhiltzailek, behar bezala babestuta: gai kimikoetatik babesteko buzoak, begiak babesteko betaurrekoak, FFP3 maskarak, nitrilozko eskularruak eta gomazko botak. Sodio hipokloritozko disoluzio desinfektatzailea erabiltzen dute, eta sulfatatzeko motxilak baliatuz fumigatzen dute.

"Osasun krisia hasi zenetik, talde hori aparteko lana egiten ari da espazio horietan segurtasuna eta osasungarritasuna bermatzeko. Ez dezagun ahaztu leku horietan kontuz ibili beharra dagoela kutsatzearekin, gaixotasunarekiko bereziki sentiberak diren pertsonak daudelako, hala nola adinekoak eta haiek zaintzaileak", azaldu du Herritarren Segurtasunaren zinegotzi Marian Gutiérrezek.

Suhiltzaileen taldeak egoitza eta laguntza-zentroetako kanpoaldean zein barruko leku komunetan esku hartzen du: korridoreak, egongelak, jolas guneak, aldagelak, komunak eta abar, instalazioen arduradunek aldez aurretik zehaztutakoari jarraituz.