TOLOSA. Gaur, hilak 16, Tolosako larunbateroko ezohiko azokak bere ateak irekiko ditu berriro. Betiko hiru guneetan egongo da, frontoia utzi eta ohiko espazioetara itzuliko baitira saltokiak, Berdura Plazara eta Euskal Herria Plazara.

Espazioak ohikoak izango diren arren, larrialdi egoerak indarrean jarraitzen duenez, postu kopurua mugatua izango da, herritarren segurtasuna eta osasuna bermatze aldera Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailaren protokoloak eta araudia jarraituta. Hortaz, ohiko postuen % 25a edo distantziak mantenduta espazioak ahalbideratzen duen postu kopurua baino ezingo da azoka eremu bakoitzean kokatu eta hori dela eta, errotazio sistema mantenduko da: astez aste aldatuz joango da parte hartzaileen zerrenda.

Segurtasun- eta osasun-neurriak jarraituz, gainera, erosketa-puntu bakoitzak sarrera eta irteera puntuak izango ditu. Zerkausiko antolaketa azken larunbatetako bera izango da: Triangulo aldeko aldapatik sartu, eta Nafar Zubiaren aldetik atera beharko da. Berdura Plazan lau postu izango dira, guztiak estalpearen azpian eta errenkada berean kokatuta. Sarrera Korreo kaletik egin beharko da, eta irteera Kale Nagusitik. Berrikuntza modura, aipatu, landareez gain, lore eskaintza ere izango dela larunbat honetatik aurrera, Aranburu mintegiaren eskutik.

Euskal Herria plazan, berriz, elikagaien postuak bakarrik izango dira; hau da, oraingoz ez da arropa, oinetako edo bestelako posturik izango. Orotara hamahiru azokagile izango dira, plazaren bueltan kokatuta, mugikortasuna errazte aldera erdiguneko espazio guztia libre utziz. Tabernetako terrazarik ere ez da izango azokak irauten duen bitartean. Rondilla kaletik sartu beharko da, eta Andia kaletik bideratuko dute irteera.

Azokara gerturatu ezin dutenentzat edo asteko beste edozein egunetan ere elikagai freskoak eskuratu nahi dituztenentzat, etxez etxeko “Azoka, zure etxera” banaketa zerbitzua mantenduko da. Eskaerak telefonoz, WhatsApp bidez edo posta elektronikoz egin daitezke, eta Azokaren nahiz udalaren sare sozialetan aurki daitezke parte hartzaileen ordutegi eta harremanetarako datuak.

ESKULARRUAK ETA MASKARAK, NORBERAK

Gainerako segurtasun- eta osasun-neurriak mantendu egingo dira espazio guztietarako: bi metroko tartea gorde beharko da, bai ilaran, baita postuan bertan ere, eta produktuak ekoizleek baino ezingo dituzte ukitu. Arauak errespetatzen eta arduraz jokatzen jarraitzeko dei egin du udalak.

Sarrera eta irteera puntuak ere kontrolatu eta zainduko dira. Norberak ekarri beharko ditu eskularruak eta maskarak, edonola ere, azken horiek ez dituztenei udalak banatuko dizkie eta sarreran eskuak desinfektatzeko hidrogela ere jarriko da guztien eskura.