GASTEIZ. Egoitzetan dauden nagusiek ezin izango dituzte denbora luze batean maite dituzten pertsonen bisitak jaso, koronabirusa dela eta. Horregatik, bakarrik sentiarazi ez daitezen, Gasteizko Udalaren Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak bost tablet erosi ditu, udal-egoitzetan bizi diren adinekoek euren familiekin hitz egin dezaten. Tabletak San Prudentzio zentro integrala (hiru), Aurora (bat) eta Los Molinos (bat) etxeen artean banatu dituzte.

"Beti defendatu izan dut tresna teknologikoak herritarren zerbitzuen egon behar direla, eta lagungarri izan behar dutela herritar horientzat. Nire uste hori inoiz baino garrantzitsuagoa da une zail hauetan, zeinetan egoitzetan dauden adinekoek ezin baitute beren senideekin egon", adierazi du Udal Administrazioa eta Eraldaketa Digitaleko zinegotzi Borja Rodríguez Ramajok. Eta gehitu duenez, "orain arte ez zuten telefono mugikor bat baino bideo-deiak egin ahal izateko. Gailu berri hauek telefonoek baino hazbete gehiago dituztenez, hobetu egingo da egoiliarren eta beren senideen arteko komunikazioa."

Neurri hau Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak koronabirusak Gasteizen eragin dituen kalteei aurre egiteko asmoz diseinatutako planaren baitakoa da.

Lehen esperientziak oso onak izan dira. "Oso ekimen onuragarria da. Mintzatzen zaien pertsona ikusi ahal izateak lasaitu egiten ditu, nola adinekoa, hala haren senideak ere, larrialdi-egoera honek eta horren ondoriozko konfinamenduak (zeinean bisitak debekatu baitira) eragindako estutasuna, tristezia eta kezka murrizten laguntzen die.", azpimarratu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

TEKNOLOGIA GEHIAGO

Alarma-egoera ezarri zenetik,Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren Sailak zenbait programa burutu ditu, batez ere konfinamenduak iraun bitartean Gasteizko Udalaren funtzionamendua bermatzera zuzenduta

Esaterako, martxoaren 27an Udalbatzak bere historiako Osoko Bilkuraren lehen saio telematikoa egin zuen. 27 zinegotziak, Udalbatzaren Idazkaritza Nagusia eta Udaleko kontuhartzailea Zoom bideokonferentzia-plataformari esker komunikatu ahal izan ziren. Saioa streaming bidez eman zen, Udalaren webgunetik Era berean, Gobernu Batzarraren zenbait saio telematiko egin dira, bai eta bestelako bilera batzuk ere.