TOLOSA. Tolosako Topaguneak Aste Santurako prestatuta zeukan programazioa online eskaini behar izango du. Ekintzak hurrengo astean hasiko dira, apirilaren 14an konkretuki, eta apirilaren 19ra arte iraungo dute, goizez eta arratsaldez Topagunearen Instagram kontuan.

Goizetan 11:00etatik 12:30ak bitartean asmakizunak, galderak, aholkuak… zabalduko dituzte Topaguneko hezitzaileek ‘Buruari eragin!’ izenburupean. Arratsaldero, berriz, 18:00etatik aurrera, egunero ekintza ezberdin bat egingo dute: asteartean eta igandean Pinturillo txapelketa, asteazkenean erronka bati erantzun beharko diete gazteek, ostegunean ariketa fisikoa egingo dute Just Dance jokoa erabiliz, ostiralean etxean egindako pintxoen lehiaketa egingo dute, eta larunbatean eskulana eta ‘Nora bidaiatu nahiko zenuke?’ izenburupean argazki katea. Ekintza guztiak Topagunearen Instagram kontutik jarraitu daitezke (@Topaguneatolosa).

Geroz eta gazte gehiago

Geroz eta gehiago dira Tolosako Topaguneak proposatutako ekintzetan parte hartzen ari diren gazteak, eta dagoeneko 600 jarraitzaile inguru ditu Instagram kontuan. Azken asteetan, gora egin du jarraitzaile kopuruak, eta ekintzetan parte hartzen duten gazteen kopurua ere igo egin da. Etxetik irten gabe egon beharrak eta ekintza ezberdinen bidez gazteek euren artean harremanak mantentzeko ematen dien aukerak eragina izan du igoeran.

Instagrameko Stories-etara igotzen dituzten edukiak (asmakizunak, galderak, aholkuak…) batez beste 210 gazte inguruk ikusten dituzte, eta ekintzaren arabera 40 gazte inguru izaten dira parte hartzen dutenak. Ekintzaren arabera, kopurua ez ezik, publikoa ere aldatu egiten da, adinak eta ekintzari buruzko interesak eragin zuzena baitu.

Instagram konturik ez duten hainbat gazterekin Whatsapp bidezko komunikazioa ere mantentzen dute Topaguneko hezitzaileek. Gazteak zein hezitzaileak biltzen dituen Taldea ere badute sortuta Whatsapp-ean, eta bertatik ere lantzen dituzte Instagram bidez proposatutako edukiak.

GAZTEMATIKAREN GALDEKETA

Beste hainbat talde edo kolektiborentzat bezala, gazteentzat ere ez da erraza izaten ari itxialdi egoera hau. Izan ere, gazteen garapen psikologikorako faktore garrantzitsua da aisialdia eta adin beretsuko beste gazte batzuekin interakzioan egotea. Hala, gazteek itxialdia nola bizi duten jakin nahi du Gaztematika sareak, eta galdetegia zabaldu du sarean, 10 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Galdetegi horren bidez gazteen iritzia eta bizipenak bildu nahi dituzte, jasotako erantzunak aztertu eta etorkizunera begira landu beharreko proiektuetan kontuan izateko.

Tolosako Udaleko Gazteria sailak eta Tolosako Topaguneak ere bide horretan egiten dute lan. Hala, Gaztematika sarearen bidez zabaldu duten galdetegia betetzera animatzen dituzte Tolosako gazteak ere. Gaztematika sarea Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Gazteria departamentuak eta Gipuzkoako Udalek osatzen duten sarea da.