BILBO. Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak (EFEO) fisioterapiak depresioa, estresa edota antsietatea bezalako osasun-arazoak jasatzen duten pertsonen egoera fisiko eta mentala eta euren bizi-kalitatea hobetu dezakela komunikatu du.

Hori da Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialak Madrilgo, Kataluniako, Nafarroako, Galiziako, Valentziako eta Kantabriako fisioterapeuten elkargo ofizialekin batera gauzatzen duen ‘12 hilabete, 12 osasun-gomendio’ kanpainaren abuztuko bideo-gomendioan lantzen den gaietako bat. Hilabete honetan, fisioterapiak estresa bezalako gaixotasunetan egiten duen ekarpenen berri eman dute: https://www.youtube.com/watch?v=lBm2cSQhjs4

Fisioterapeutek zenbait terapia gomendatzen dituzte, eta terapia horiek aipatutako gaixotasunen tratamenduan baliagarriak direla frogatu da. Hona hemen terapia horietako batzuk: eskuzko terapiak, gorputz-kontzientziako terapiak, erlaxaziokoak, biofeedbacka eta, batez ere, ariketa terapeutikoa eta jarduera fisiko egokitua.

“Teknika eraginkorrak dira insomnioa, depresioa, antsietatea edo bestelako osasun mentaleko arazoren bat duten pertsonen egoera hobetzeko, beren funtzionalitatea eta bizi-kalitatea hobetzea lortzen baitute”, azaldu du June Ruizek, Euskadiko Fisioterapeuten Elkargo Ofizialeko presidenteordeak.

Izan ere, fisioterapeutek bideoan azaltzen dutenaren arabera, estresa organismoaren erantzun bat da, tentsioa sortzen duen edozein estimulu edo baldintzaren aurrean sortzen dena. Egoera horietan, onuragarria ere izan daiteke, hala nola kirolarien kasuan, zeinak denboraldi batez kontzentratzen baitira, lorpen jakin batzuetara heltzeko; prozesu hori eustres gisa ezagutzen da. Alabaina, estres horrek pertsonari lasaitasun-egoerara itzultzea galarazten badio, negatiboa bihurtzen da, eta hori distres izenarekin ezagutzen den egoera izango litzateke.

Distresak, besteren artean, buruko, urdaileko, bizkarreko edo lepoko minak eragin ditzake, osasunarentzat kaltegarriak direnak. “Kasu horietan, fisioterapeutak baloratuko du fisioterapiako zer esku-hartze gauza ditzakeen, eta beste profesional batzuen lankidetza beharrezkoa ote den kausa horiei osoki erantzuteko”, adierazi du Ruizek.

Horrenbestez, fisioterapeuta “diziplina anitzeko taldeko terapeuta bat gehiago da, aintzat hartu beharrekoa gure mugimendu eta bizi-kalitaterako mehatxu diren patologia horien tratamenduan, mugitzeko erak nola sentitzen garen baldintzatzen baitu, eta alderantziz”, esan du amaitzeko.