BILBAO. Global Forum on Human Settlements irabazi-asmorik gabeko erakundeak, Nazio Batuak lagunduta, emandako Global Green City Award sarirako hautagaitza aurkeztu du Gasteizko Udalak. Gorka Urtaranek, hiriko alkateak, saria "maila globaleko 'European Green Capidal' sari moduko bat" dela aipatu du honen aurkezpen ekitaldian.

“Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak koordinatu du hautagaitza, eta udal sail guztiek lagundu dute lantzen. Gure ustez, oso ondo justifikatuta dago. Funtsean, gure eredua bat datorrelako sariarekin. Izan ere, guztiz inplikatuta gaude Nazio Batuen 2030 Agendarekin eta garapen iraunkorreko helburuekin”, azaldu du Gasteizko alkateak.

Aipatutako erakundeak urtero antolatzen du Global Forum on Human Settlements izeneko foroa. Aurtengoa 14. edizioa izango da eta Addis Abeban (Etiopia) egingo dute, Nazio Batuen konferentzia zentroan. Gasteizko Udalaren delegazio bat bertan izango da, Gorka Urtaran buru delarik. Alkateak, 6an, Gasteizko ingurumen iraunkortasun eredua azalduko du bere hitzaldian. Hitzaldiaren ondoren, Arabako hiriburuak saria jaso duen jakinaraziko du ebaluazio batzordeak.

“Gasteiz superhiria izatea nahi dugu, Europan erreferente izatea; hori funtsezko ildoa da udal gobernuak sustatzen duen Gasteizko Agendan. Saria lortuko bagenu gure proiekzioa handituko genuke munduan, beste bultzada bat emango lioke hamarkadatan egindako lanari, eta beste urrats bat litzateke gure hiriaren nazioarteko proiekzioan. Hori guztia, bizi-kalitateari, lehiakortasun ekonomikoari eta iraunkortasunari dagokienez erreferente gisa sendotzen jarraitzearren“, adierazi du Gorka Urtaranek.

NBEren garapen jasangarriari buruzko agenda tokiko mailan sustatzeko balio du foroak, eta hirietako eta hiri kokalekuetako baldintzak hobetzea du azken helburutzat. Besteak beste, hiri jasangarriak neurtzeko sistemak garatzen dituzte, arduradun politikoei eta industriei erreferentziak emateko txostenak lantzen, eta Sustainable Cities and Human Settlements Awards sariak sustatzen. Aitorpen horien bidez gobernu, enpresa, komunitate, antolakunde eta banakoen lorpen gailenak nabarmendu nahi dituzte. Global Green City da sari horietako bat.

Gasteizek aurkeztutako hautagaitza balioesten duen batzordeak 85 adierazle aztertuko ditu, sei ataletan banatuta: iraunkortasuna, ekitatea, identitatea, segurtasuna, oparotasuna eta zoriona. Sei multzo handi horien barruan 18 kategoria sartzen dira, askotarikoak eta zeharkakoak: mugikortasun jasangarria, energia-eraginkortasuna, ‘smart city’, ‘zero waste’, espazio publikorako politikak, lurraldearen erabilera jasangarria, ura, ingurumena, oinarrizko zerbitzuak, lurralde garapen jasangarria, ekonomia zirkularra, nekazaritzako elikagaien estrategia, gobernantza, berrikuntza, ondarearen babesa?

Aurreko edizioetan hiri hauek eskuratu dute saria, besteak beste: Viena (Austria); Cuenca (Ekuador); Vancouver (Kanada); Oakland (AEB); Curitiba (Brasil); Nantes (Frantzia); Mannheim (Alemania); Surabaya (Indonesia); Yokohama (Japonia); Rockdale (Australia); Bogota (Kolonbia); HuaHin (Tailandia); Indore (India); Port Vila (Vanuatu); Lijiang, Sanya, Dali, Wuxi, Changsha, Jiangshan, Sino-Singapore Tianjin Ecocity eta Qingdao Sino-German Ecopark (Txina).