Bilbo - Aspalditik zetorren ametsa betetzea izan da Euskaltzaindiarentzat hitzen sorrera azaldu eta aztertzen duen tresna aurkeztea. Atzo plazaratutako Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikoa (EHHE-200) ez da berben jatorriaren inguruko bitxikerien bilduma bat, baizik eta ikertzaile, filologo eta hizkuntza-zaletasuna duten horientzat idatzia. Guztira, 200 hitz-familia eta ia 2.600 sarrera eta azpisarrera eratu ditu, 100 inguru ondare zaharreko oinarriekin, eta beste horrenbeste mailegatuekin. Argitaratutako liburua hamar urteko lanaren emaitza bada ere, abiapuntua baino ez da. Asmoa lana osatzen joatea eta euskarri digitalen ezagutzera ematea da.

2009ko Barne Jardunaldietan hartu zuen Akademiak atzo aurkeztu zen, eta Elkar liburudendetan eskuratu ahalko den, hiztegia abiatzeko erabakia. Buru-belarri aritu dira ordutik, Joseba Lakarraren zuzendaritzapean, Julen Manterola eta Iñaki Segurola urte hauetan guztietan, baita Gabriel Fraile eta Koro Segurola ere azken bizpahiru urteotan. Egitasmoaren arduradunak atzo adierazi zuenez, “hizkuntzaren barne historia aplikatua baizik ez da, hots, fonologia, morfologia, dialektologia eta sintaxi diakronikoetan... oinarritu eta hitzen inguruan antolatutako hizkuntzaren historiaren ikerketa eta azalpena baino ez da”.

Lakarraren esanetan, hiztegian “ez da osotasunik bilatzen eta are gutxiago orain amaitzen den garai honetan; ordea, bai itxaroten dugu hiztegi modular handi horren oinarria ahalik sendoena finkatzea”. EHHE osatzeko erabili den irizpidea “hi-tzen hedadura geografiko zaharra eta berria, lekukotasunaren kantitate eta kalitate historikoa edota haien aniztasuna protohistorian eta historiaurrean” izan da, besteak beste. Gainera, hitzak familiaka antolatzea erabaki da, ez sarrera solteka hiztegi arruntetan bezala. Lakarren esanetan, hitz-familia bakoitzaren batez besteko sarrera kopurua 13koa izan da. Jakinik publiko berezitua izango duen lana dela, euskaltzainaren aburuz, “hitzen ikerketan inplikaturiko alorretan urrats sendoak emateko lanabesa izatea du helburu”.

Andres Urrutia euskaltzainburuaren berbetan, “taldeak berebiziko ahalegina egin du” beharrezkotzat jotzen zuten lana “txunkuntasunez eskain-tzeko”. Adierazi zuenez, “izugarri aberastuko du gaurko panorama”; izan ere, faktore osagarri “erabakigarriak” biltzen ditu. Urrutiak Diccionario Etimológico Vasco aipatu zuen atzo aurkeztutako hiztegia jorratzeko abiapuntutzat, baina baita Orotariko Euskal Hiztegia eta Euskal Corpus Onomastikoa. Euskaltzainburuaren esanetan, “lan mugatua da oraingoz, baina geroko baterako esperantza eta bidea zabaltzen duena”.

Babesa Bilduma osatzeko hainbat erakunde izan ditu lagun Akademiak. Horietako batzuen arduradunak aurkezpenean izan ziren, esaterako Nora Sarasolak, BBKren Gizarte Ekintzako zuzendaria. Bingen Zupiriak, Euskara eta Hizkuntza politikako sailburuak, esan zuenez, hiztegi berriak “gure hizkuntzaren barruko historia ezagutzeko oinarri sendoa eskaintzen” du. Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuaren esanetan, “aldarrikatu beharra daukagu arruntean erabiltzen ditugun berbak egiatan historia luzea izan dutela; aldaketaz, bilakaeraz, amodioz, gorrotoz, kulturen arteko harremanez eta merkatari-tza trukez betetakoa”.

Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari kudeatzailearen esanetan, hiztegia “mugarri bat da euskararentzat eta gauza askoren erakusgarri: besteak beste, euskararen mundu akademikoak duen heldutasuna eta sendotasuna erakusten du, eta, hori, zalatzarik gabe, urteetan egindako lanari eta metatutako jakintzari zor zaio”. Beñat Arrabit Euskal Elkargoko hizkuntza politikaren arduradunak adierazi zuenez, bilduma honekin, “hizkuntza baliabideen multzoa osatuz doa”.