BILBO. Zeuk esan, haurrei eta nerabeei zuzendutako aholkularitza zerbitzuak sekulako arrakasta izan zuen pasa den 2018an. 843 harreman ezarri eta 979 kontsulta sortu zituen, hain zuzen, gehienak 116111 laguntza eskatzeko telefonoaren bitartez.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak jakinarazi duenez, Zeuk Esan haurrei eta erabeei informazioa, orientazioa eta aholkua emateko zerbitzua zabaltzeko bidean dago, eta 2018an 843 harreman ezarri eta 979 kontsulta sortu zituen. Harreman eta kontsulta gehienak (%90) telefono bidez egin ziren 116111 zenbakian, eta gutxiago (%10) zerbitzuko postontziaren bidez iritsi ziren.

Ostegunean ospatuko den Haurren Tratu Txarren aurkako Nazioarteko Egunaren harira eman ditu datuok Artolazabalek. Bere iritziz, datuek egiaztatu dute finkatu egin dela Zeuk Esan zerbitzua eta 2018 izan zela 2010ean abian jarri zenetik kontsulta gehien izan den bigarren urtea, bai eta lau lauhilekoen arteko oreka handieneko urtea ere. Zerrendan lehenengo lekuan 2011 dago, sustapen kanpainak 1.436 kontsulta artatzeko bidea eman baitzuen; 2017an 621 kontsulta artatu ziren, 2018an baino 222 gutxiago.

"Familietara edo inguruko helduengana jo nahi ez duten edo jo ezin duten eta arazo txiki edo handi baten irtenbiderik aurkitzen ez duten neska-mutilentzat benetan baliagarria da zerbitzua. Psikologian edo gizarte hezkuntzan prestatuta dagoen eta adingabeekiko tratuan esperientzia duen pertsona bat telefonoaren beste aldean izatea laguntza lortzeko beste aukera bat izaten da beti", esan du.

Artolazabalek zehaztu duenez, kontsulten %58 adingabeek egin zituzten (489), eta %42 helduek (354); helduen kontsulten artean, gurasoek egindako kontsultak %56,2 izan ziren. Gainerako kontsultak honela banatu ziren: profesionalek %25,4, bigarren edo hirugarren mailako familiartekoek %7,3 eta adingabearekin familia harremanik ez duten helduek %11,1.

"Adingabeen artean, nerabeak dira zerbitzua gehien erabiltzen dutenak, eta kezkatzen eta planteatzen dituzten gaiak harremanekin zerikusia dutenak dira: berdinen arteko harremanak, harreman afektibo-sexualak eta familia harremanak", adierazi du Artolazabalek.

Zehazki, 12 eta 18 urte arteko gaztetxoek egin zituzten 2018an adingabeek egindako kontsulten %94,5. Generoen arabera, neskek gehiago deitu zuten: deien %74 neska adingabeek egin zituzten, eta mutil adingabeek %26.

Horrez gain, Zeuk Esan zerbitzuak 804 argitalpen egin zituen iaz gizarte sareen, blogen eta aldizkarien bidez, "prebentzio, sentsibilizazio, informazio eta prestakuntza lanaren baitan". Lan hori egiten da lehen mailako hartzaileekin, hau da, adingabeekin, eta bigarren mailakoekin: familiekin, eskolarekin, haurren eta gazteen arloko profesionalekin eta helduekin, oro har.

IRUDI BERRIA

Bestalde, Beatriz Artolazabalek adierazi du aurten berritu egingo dela zerbitzuaren irudia logotipo berri batekin, eta material berriak sortuko direla "adingabeek zerbitzuaren berri izatea sustatzeko", hala nola posterrak, pegatinak, liburu markatzaileak, liburuxkak eta bideoak. "Zeuk Esan zerbitzuaren erabiltzaile izan daitezkeenak etengabe berritzen dira eta gure ahaleginak iraunkorra izan behar du", gaineratu du.

Zeuk Esan zerbitzuko 116111 telefono zenbakiaren atzean dagoen profesional taldeak egiten duen orientazio, aholkularitza eta informazio lana nabarmendu du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, eta gogoratu du zerbitzua konfidentziala dela, 116111 zenbakira egiten diren deiak doakoak eta anonimoak baitira eta ez baitute arrastorik uzten fakturan.

Telefonoarekin batera, Zeuk Esan zerbitzuak beste komunikazio-bide batzuk ere eskaintzen ditu: gizarte sareak (@Zeukesan Twitter, Facebook eta Instagram bidez), www.euskadi.eus/zeukesan webgunea, Youtubeko kanala (https://www.youtube.com/user/Zeukesan) eta adingabeen bloga (http://zeukesan.blog.euskadi.eus).