donostia - Bihar emango zaio bukaera Gasteizen 21. Korrikari jai giroan. Garestik Gasteizerako bidean egon dira bada hamaika kontu eta milaka lagun egin dute bat, berriro ere, euskararen aldeko martxarekin. Atzo eta gaur Gipuzkoa izan zen euskaraen aldeko martxaren lekuko eta partaide. Mutrikutik sartu eta Mendaro eta Elgoibar atzean utzita Azkoitira abiatu zen Korrika 8.59 aldera. Bertan herriko 45 eragile ezberdinek hartu zuten parte, ibilbideak irauten zuen 8 kilometro eskasetan.

Ondoren martxa Urola Kostako bidea hartu eta Zumaiara iritsi zen, eguerdia baino lehen. Jendetza izugarria zegoen Korrika noiz iritsiko zain. Getariako bidea ere zalapartatsua izan zen eta aldapa gora ba zen ere alaitasuna nagusi beti. AEKk bere sareetan ibilbidean zehar jasotako inpresioak dira honen adibide: “Emozioei ezin eutsi”, “itsaso amaigabea izan da”, “gozatu euskararen jai handiaz”... Hi-tzetatik ekintzetara, Korrikak badu eragina egunerokotasunean. Zarauzko kaleak estu gelditu ziren iritsitako tsunamiari bidea zabaltzeko eta hortik aurrera, eromena. Orion ere jende mordoa zegoen euskararen aldeko apostua adierazteko irrikitan.

Lasarte-Orian uholdeak goruntz egin zuen Donostian Antiguatik sartu arte. Bertan izan ziren Noticias de Gipuzkoako lankideak arro euskararen aldeko lekuakoa eramaten, Er-tzaintzaren ordezkariei pasa baino lehen eta Santo Tomas Lizeoaren ikasle, irakasle eta gurasoen eskutik jaso ondoren. Donostian zehar hainbat elkarte eta taldeetako kideek bat egin zuten euskaldunen martxarakein. Besteak beste Donostiako alkatea, Eneko Goia, eta EAJ, PSE, EH Bildu eta Irabaziko hainbat zinegotzien laguntzarekin. Atzokoan, aurreko zenbait edizioetan ez bezala, ez zuten euskararen aldeko aposturik ageri PP udal tadeko ordezkariek.

Aldundiak ere argi utzi nahi izan zuen euskararen normalizaziorako bidean urratsak emateko prest dagoela beti eta lekukoa eraman zuten diputatu nagusiak, Markel Olano, eta Realeko neskek eta Xabi Prietok ere gogoz hartu zuten euskarari bultzada berri bat emateko lekukoa.

Euskararen alde Donostiako auzoetan espaloietan baino jende gehiago egon zen atzo galtzadan pankartaren aurretik edo atzetik euskararen alde korrika. Antigua, Gros, Alde Zaharra, Amara... Bost ordu luzez, tropelak Gipuzkoako hiriburuko kaleak alaitu zituen. Donostiari 21:00ak aldera agur esan eta Pasaia, Errenteria eta, Oiar-tzunera abiatuko zen tipi-tapa etengabea. Errenterian, erretiratuek pentsio duinak aldarrikatu zituzten Korrikari babesa ematen zioten bitartean.

Hernanirako bidean harrapatu dituzte gaurko lehenengo orduek korrikalariak eta furgoneta. Hernanitik Urnietara joan ziren; eta ordu bi eta erdiak aldera, etapa honetako azken mugarria jo zuten: Andoain, beti ere ondo akonpainatua, beti ondo babestua.