Izan ere, etorkizuneko espezialistak nahi duten espezialitatearen inguruko prestakuntza jasotzeko ahalik eta zentro onena bilatzen saiatzen dira, osasun prestakuntza espezializatura sartzeko proba gainditu ondoren.

Horrela, zazpi ospitale-zentro (Arabako Unibertsitate Ospitalea, Basurtukoa, Gurutzetakoa eta Donostiakoa, Galdakao-Usansolo Ospitalea, San Eloy Ospitalea eta Onkologikoa Fundazioa), erkidego mailan dabiltzan bi irakaskuntza unitate (Laneko Medikuntzako Irakaskuntza Unitatea eta Euskadiko Prebentzio Medikuntzaren eta Osasun Publikoaren Irakaskuntza Unitatea), lanbide anitzeko lau irakaskuntza unitate (familia eta komunitate arretako bat lurralde bakoitzean eta Bizkaiko Osasun Mentaleko bat) eta erizain espezialistentzako hiru irakaskuntza unitate (Osasun Mentaleko Erizaintzako Irakaskuntza Unitatea, Erizaintza Obstetriko-Ginekologikoaren Irakaskuntza Unitatea eta Matía Fundazioa, non erizaintza geriatrikoko espezialistak prestatzen baitira) ezagutu ahalko dituzte egoiliarrek.

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak nabarmendu du Osasun Sailak eta Osakidetzak beren historiako plaza eskaintzarik handiena egin dutela, 446 plaza eskainiz, alegia, aurreko urtean baino %19 gehiago. "Estatu osoan egongo den plaza kopuruaren igoerarik handiena izango da. Hori guztia, Osasun Sailak hainbat erronkari aurre egiteko dagoen beharraren inguruan duen konpromisoagatik: lanbide erreleboa edo lehen mailako arreta sendotzea, bai eta euskal osasun zerbitzuaren bereizgarri den kalitateari eustea ere", azaldu du.

1.331 PRESTAKUNTZA ESPEZIALIZATUAN

Gaur egun, 1.331 pertsona daude Euskadin osasun prestakuntza espezializatuan. Espezialitate batzuetan profesionalen beharren inguruan dauden aurreikuspenei erantzuteko, maiatzaren 27an eta 28an, beste 446 pertsona hasiko dira prestakuntza jasotzen.

Horrela, datozen egunotan, irakaskuntza zentroak eta unitateak bisitatu ahalko dituzte egoiliarrek, aurretik Espainiako Osasun Ministerioak egiaztatuta eta emandako prestakuntzaren kalitatea bermatzen duen auditoretza baten babesean.

Erregistratutako izen-emateen arabera, 300 pertsona inguruk Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea bisitatzea aurreikusten da: ehun bat Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutura joango dira, eta 90 pertsona inguru Galdakao-Usansolo Ospitalera. Nobedadea da Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak ateak zabaltzeko jardunaldi birtuala antolatu duela, eta zenbait egunez izango dela. Bestalde, Donostiako Unibertsitate Ospitaleak 150 egoiliar inguru jasoko ditu, eta beste horrenbeste Arabako Unibertsitate Ospitaleak.