donostia - Bi urtean behin izaten da Korrika, baina noiz hasten dira antolaketa lanak?

-Gure lan egiteko modua izaten da: Korrika amaituta, Aste Santuko oporrak hartzen ditugu, eta gero dator balantzea, beti agertzen baitira hobekuntza arloak, gauza berriak. Eta ondoren, urritik aurrera, bai hasten dela berriro makinaria martxan. Kontuan hartu behar da beti begiratu behar duzula hurrengo urte eta erdian non egon daitekeen euskararen normalizazioa eta horrek perspektiba ariketa bat egitea eskatzen du. Baina esan genezake Korrika amaitu eta hurrengoarekin hasten garela.

Aktibazio garaia, ausarta izan behar da, aro berria... Horiek dira zuen aurtengo mezuak. Zerbait sumatzen duzue? Euskaraldiak horretan zerikusirik ba al du?

-Lau urtetik hona, ikusten ari gara euskararen biziberritze prozesu honetan beste lan egiteko modu bat, beste diskurtso batzuk, eta horrek esan nahi du toki batera heldu garela eta orain norabide bat edo bestea hartu behar dugula. 19. Korrikan Euskahaldun leloa aukeratu genuen, asko pentsatuta, eta ahalduntze deia zabaldu genuen. 20. Korrikan esaten genuena zen euskarara oraindik jende asko erakarri egin behar dela eta, guztion artean, euskararekin aurrera egin behar dugula. Leloa BatZuk izan zen. Bilakaera logiko bat ere ikusi dugu eta orain, 21. Korrikan, badator aktibazio fase bat. Klik egin behar dugu, uste dugulako norbanakoen gogoa, herri gogoa, badagoela eta esanetatik ekintzetara pasa behar da. Adibidez?

-Euskaraldiak berak aurrera egiteko bokazioa adierazi du. Korrika bera aurkezten ari garen leku askotan eragile berri asko hurbiltzen ari dira: orain arte beste esparru batzuetan lan egiten aritu direnak, baina orain pauso hori eman dutenak. Uste dugu herri gogoa gero eta indartsuago dagoela, herri honen apustua euskaraz bizitzea dela eta bide emankorra eta polita ikusten dugu hemendik aurrera ere.

Sare sozialek gure bizitzan duten eragina ukaezina da. Hauen eskutik etorri beharko du euskararen hedapenak?

-Zalantza barik. Gaur egun, sare sozialetan ez dagoena edo komunikabideetan agertzen ez dena, ematen du ez dela existitzen. Egia da ikusten ez den eran asko eta asko egiten dela ere, baina ukaezina da sare sozialek duten indarra. Eta duten indar hori aintzat hartuta, bertan euskarak presentzia irabaztea garrantzitsua da.

Ez du presentzia nahikorik?

-Nik uste dut nahikoa baduela baina irabazten joan behar den terreno bat da. Gaur egun oso bisuala delako, eta inor ez garelako bizi sare sozialetatik urruti.

Gazte guztiek, lehen ez bezala, orain badakite euskaraz, behintzat.

-Kontua da erabilera dabilela hortxe, muga-mugan.

Aktibatu behar ditugula diozu?

-Sarritan uste dut gazteen erabilera zalantzan errazegi jartzen dugula eta nik esango nuke gazteek erabili egiten dutela ahal den neurrian eta ahal den guztietan. Dena dela, gizarteak osotasunean erdaraz funtzionatzen du eta ispilu hori badaukate, zaila da beraiei eskatzea. Hemen erronka bat dugu: hezkuntza politika integrala eta arlo guztiak aintzat hartuko dituena. Adibidez, gazte horiek hemendik gutxira lan mundura salto egingo dute. Lan munduan zer egoera aurkituko duten horrek markatuko du euren hizkuntza ohiturak zeintzuk izango diren. Orduan, oso garrantzi-tsua da lan mundua euskalduntzea. Ezin dugu onartu gazte hauek lan mundura hurbiltzen direnean erdarazko zirkuluetan sartzea. Horrelako gauzak naturaltasun osoz egin behar dira, ikus dezaten ikasi duten hori erabili egiten dela.

Zu Elorriokoa zara, baina Bilbon lan egiten duzu. Hirietan oraindik kostatzen zaio euskarari burua jasotzea.

-Bai, baina esango nuke sarritan aurreiritzi batekin funtzionatzen dugula. Eta gaztelaniara jotzen dugula, badaezpada. Egia da gauza asko daudela hor. Paisaia linguistikoa, adibidez, Bilbon asko ikusten dut gaztelaniaz edo ingelesez dagoela. Gutxiago entzuten da euskara, baina azken urteetan esan behar da aurrerapausoak ikusi ditugula. Pausoak eman behar ditugu eta horretarako sentsibilizazio kanpaina guztiak beharrezkoak dira. Euskara prestigiatzeko modurik onena erabiltzea da. Aukera guztietan. Sarritan, dakigunok ezin dugu erabili, aurrean daukagunak ez dakielako eta horrelako gauzei buelta bat eman behar zaie.

Espazioak irabazteaz hitz egin duzu, sozialak eta fisikoak ere bai. Iaz Iruñean bukatu eta aurten Nafarroan hasiko da Korrika, Garesen. Nafarroaz hitz egin dezagun. Zein da egungo egoera?

-Aldaketa politikoak aldaketak ekarri ditu euskararen arloan. Azken urteetan euskara Nafarroan zokoratuta egon da nolabait. Aldaketa politikoak ekarri ditu, zalantza barik, gauzak onbidean jartzea, baina arantza handi bat geratzen zaigu lau urte pasa eta gero: Euskararen Legea zegoen moduan geratzea. Guk, AEK-n, ez dugu ulertzen zelan egon litekeen horrelako zatiketa bat hizkuntza eskubideak zonaldeka banatuta, Nafarroako hizkuntza euskara ere denean. Arantza hori hor dago eta aldaketak (politikoak) jarraituko duelakoan, uste dut Euskararen Legea aldatzea egin beharreko kontua dela. Bestela, oraindik ere Nafarroako diru laguntzak ez nahikoak izaten jarraitzen dute. Baina lehen zero egonda...

Nafarroan ere herri gogoa dago?

-Bai. Badago euskaraz bizitzeko gogoa eta nahia. Ikasle kopurua ere Nafarroako gure euskaltegietan eta bestelakoetan gora egiten ari da.

Iruñea inguruan gehien?

-Orokorra da. Eta normalizazio planak egotea oso garrantzitsua da. Adibidez, Osasuna futbol klubak euskararen normalizazio plan bat izatea, eta euskarari aukera ematea, Nafarroako hizkuntza den heinean.

Ez dakit harritu zintuen Castroko Udalak egindako eskaerak euskaltegi bat irekitzeko. Zer iritzi duzu?

-Etortzen zaidana burura da Castron bizkaitar asko bizi direla eta bizkaitar asko bizi diren heinean, bertako biztanleak, bizkaitarrak eta betidanik Castrokoak izan direnak, euskara ikasteko edo ezagutzeko beharra sentitu dutela. Eta hori ona da. Pasa den udan berbalagun talde bat izan genuen bertan, Castroko jendeak eskatuta. Muga-mugan dagoen herri bat izanda, alde batetik bertan bizi diren euskaldunek ikusi dute bertan euskara ikasteko aukera; eta Castrokoek ere ikusi dute euskara ezagutzea intzentibo bat izan daitekeela.

Administrazioak ez dira muga zuentzat, ala? Akaso oztopo bai, baina muga ez?

-Ez, ez. Muga inondik inora ez. Guk euskaltegiak ditugu Baionan, Iruñean eta Bilbon. Administrazio ezberdinekin lan egiten dugu euskararen arloan eta beste arlo batzuetan ere bai. Euskarak gainditu egiten ditu muga administratibo zehatz horiek. Aurreko kanpainan esaten genuen moduan, euskara non, AEK bertan. Guk gainera euskaltegi fisikoez gain, munduan zehar dauden ikasle asko baditugu. Mugak aspaldian daude gaindituta.

Atzerrian dauden zenbait euskaldunek ere Korrika modukoak antolatzen dituzte.

-Gaur egun, euskal etxeen bitartez eta Etxepare Institutuarekin sinatuta dugun protokolo baten bitartez, oso mugimendu polita sortzen ari da. Bideo asko heltzen dira. Euskal industria munduan ezaguna den neurrian, Korrika ere bada marka bat ezaguna dena.

Castro Urdiales edo beste edozein tokian, Euskal Herritik kanpo, Korrika abiatzea edo iristea posible ikusten al duzu etorkizunean?

-Beno (barre egiten du)... Udalak aurrera jarraituko balu eta gurekin harramentan jarriko balitz, gu proposamena aztertzeko beti gaude prest. Horretarako gaude, euskara irakasteko eta euskararen erabilera zenbat eta handiago izan, hobeto.

Orain dela bi urte hiriburuetako alkateak korrika jarri zenituzten...

-Lehenengo aldia izan zen, lehenengo aldiz hiriburuetako alkateak euskaldunak zirelako; hori oso gauza ona da. Lehen komentatu dut: esanetatik ekintzetara pasatu behar da. Adibidez: alkate izateko euskalduna izan behar zara. Hau da, bi hizkuntza jakin behar dituzu. Inork ez du erderaz ez dakien alkatea jartzen, ezta?