BILBO. Eroskik eta bere bezeroek, 955 janari tona baino gehiago eman dituzte 2018ko lehen seihilekoan Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) gehien behar duten kolektiboentzat. Elikagai kopuru horrekin, 605 pertsona jan dezakete urte oso batean, Eroskik jakinarazi duenez. Dohaintza horretatik, 812 tona baino gehiago Eroskik eman ditu "Ez alferrik galdu" programari esker. Ekimen horren bitartez bermatzen da Eroskiko dendetan ez dela alferrik galduko kontsumitzeko moduko elementurik eta denda bakoitzaren hurbileko gizarte erakundeei emango zaiela.
"Eroskik konpromisoak hartu ditu gizartearekin, eta behar handiena dutenekiko elkartasuna eta ardura dago konpromiso nabarmenen artean. Hori dela eta, gizarte erakundeekin kolaboratzen dugu. Aitzindariak izan gara Espainian gure sektorean supermerkatu eta hipermerkatu sare guztian janaririk ez alferrik galtzen", nabarmendu du Eroskiko Gizarte Erantzukizuneko zuzendari Alejandro Martínez Berriochoak.
"Ez alferrik galdu" programaren bitartez, Eroskik Fesbal Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioarekin lan egiten du. Ildo horretan, Miguel Fernández Fesbaleko zuzendariak aurten ere eskertu du Eroskik erakundeari aspalditik ematen dion laguntza. "Konpromisoa erakusten du elikagairik alferrik ez galtzeko, eta, hain zuzen, hori dago bi erakundeen oinarrian", esan du.
Kooperatibak protokolo bat landu du emandako elikagaien segurtasuna bermatzeko. Elikagai freskoekin, esaterako, zenbait neurri hartzen ditu hotz katea eten ez dadin, ezta hartzailearen esku geratzen direnean ere. Izan ere, horrek bermatu behar du baldintzak zorrotz zaindu direla bai garraioan bai beren biltegietan.
KILO OPERAZIOA ETA BILKETA HANDIA
Bestalde, "Ez alferrik galdu" programaren bitartez bilduriko 812 tona janariz gain, Eroskik beste 142 tona inguru bildu ditu elikagaien bankuentzat Kilo Operazioarekin eta Udako Bilketa Handiarekin. Bi ekimenak urteko lehen seihilekoan egin dira Eroskiko saltokietan. "Eroskin ohikoa denez, konpromiso honetan parte hartu nahi izan dugu, eta kontsumitzaileek emandako kiloei guztizkoaren zati bat batu diogu gehigarri gisa", azaldu du Martínez Berriochoak.
1996an hasi zen Eroski elikagaien bankuekin lankidetzan, Bizkaiko Elikagaien Bankuak proposatuta eta kontsumitzaileek beraiek eskatuta behartsuen eta bazterketa soziala jasateko arriskuan daudenen kolektiboari elkartasuna erakusteko.
Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioak Eroskik egindako lana aitortu du, Urrezko Galburua sariarekin. Hain zuzen, erakundearen saririk handiena da, eta sobera gelditu diren elikagaiak banatzen nabarmentzen diren erakundeei ematen die.