DONOSTIA. Errenteriako Atlantikaldia kultur topagune eta musika jaialdiaren aurtengo edizioan proposamenak bidaltzeko epea ireki dute. Horrenbestes, irailaren 20tik 23ra bitartean ospatuko den jaialdian, herritar zein eragileek maiatzaren 11ra arte bidali ahal izango dituzte haien lanen proposamenak. Aurten, "Itsas Korrontean" lelopean ospatuko da kultur ekitalia.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, eragileen proposamenek elikatzen dute Atlantikaldia jaialdiaren programazioa. "Errenteriarrek ematen diote nortasuna jaialdiari, eta haien parte hartzea sustatu nahian, aurreko edizioetan bezala, Errenteriako Udalak herritarren proposamenekin osatu eta aberastu nahi du jaialdia", azaldu dute.
Proposamenak baloratzeko garaian, antolakuntza batzordeak kontuan izango du urtean zehar antolatutako ohiko ekitaldien errepikapena ez izatea, hots, berrikuntza bat barneratzea, parte hartzea sustatzea, eragile ezberdinen arteko elkarlanetik sortutako ekimena izatea, itsasoa ardatz hartuta sortutako ekimena izatea eta kalea topagune izatea.
Esan bezala, proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 11ra arte egongo da zabalik. Dokumentazioa on line aurkeztu behar da, webgunean dagoen eskaera formularioaren bitartez: atlantikaldia.errenteria.eus/proposamen-bidalketa. Behin Atlantikaldiak proposamenen balorazioa egin eta gero, antolakuntza batzordea igorlearekin jarriko da harremanetan maiatzaren 9tik ekainaren 9ra bitartean.
Bestalde, jaialdiaren antolatzaileek gogoratu dute aurtengo edizioaren leloa "Itsas Korrontea" izango dela. "Itsas korronteak izan ziren munduarekin konektatu gintuztenak, eta, munduarekin dugun loturak inoiz baino handiagoa dirudienean, konexio hau inoiz baino azalekoagoa da. Atlantikaldiak bere ekarpena egin nahi du zentzu honetan, herri ezberdinetako pertsonen, kulturen eta ohituren arteko harremana sendotuz", azaldu dute.