28 eraikinen maketak erakutsi ahal izango dituzte EHUko 75 ikaslek Mugak Bienalean
Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko hiru mailatako ikasleen maketak, urtarrilaren 30era arte izango dira ikusgai, "Eraikin Historikoen Analisi Teknikoa" esposizioaren baitan
DONOSTIA. EHUko Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko hiru mailatako 75 ikaslek aukera izango dute munduko 28 eraikin esanguratsuren egindako maketak "Eraikin Historikoen Analisi Teknikoa" esposizioaren baitan aurkezteko. Urtarrilaren 30era arte egongo dira maketa horiek ikusgai Carlos Santamaria Zentroko Andrestegi aretoan, Donostian, Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren baitan. Erakusketa osatzen duten lanen egileak Eraikuntzaren Historia eta Egitura Dimentsioen Historia irakasgaietako ikasleak dira, eta Eneko Uranga eta Rafa Zuza irakasleek koordinatuta aritu dira lanean. Irakasgai horien helburua da eraikin ezagunak hobeto ezagutzea, haietan erabilitako materialei, eraikuntza sistemari eta egiturari erreparatuta. Ikasleek ikasturtearen lehen lauhilekoan zehar garatu dute lan hau.
EHUk jakinarazi duenez, erakusketan 28 eraikin daude ikusgai, arkitekturaren historiako garai guztietakoak eta munduko toki guztietakoak. Batzuk nazioartean aitortutako eraikinak dira, eta beste batzuk, aldiz, eraikin tokikoagoak. Horietako asko mugarri izan dira arkitekturaren historian.
Horrela, New Yorkeko Guggenheim museoa, Parisko Panteoia, Crystal Palace eraikina, Eiffel dorrea, euskal baserri tipiko bat, Empire State Building eraikina, Familia Santua, Pompidou Zentroa, Santa María del Mar katedrala, Erromako Koliseoa, Kordobako meskita, Municheko estadioa, Segoviako akueduktua edo Londresko San Pablo katedrala daude ikusgai, besteak beste. Maketak estrukturalak dira, eraikina errazago ulertu ahal izateko, eta bakoitzaren ondoan egindako lana laburbiltzen duen informazio taula bat dago.
Más en Sociedad
-
Adinberri abre camino en el mercado silver
-
Huezi (Mondragon Unibertsitatea): "Ha sido una gran oportunidad para conocer y contrastar propuestas"
-
Ana Julia Quezada y su pareja, citadas como investigadas por amenazar a la madre de Gabriel
-
Alertan de un chat de WhatsApp entre menores que comparte contenido sexual y violento