Síguenos en redes sociales:

Unibertsitatetik haitzulora, espiralean

Argi gertau da 'Euskara: atzo, gaur eta bihar' solasaldian erabileran dagoelahizkuntzaren gakoa; hori dela eta, egindako bideari muzin egin gabe, erroetara itzuli behar da

Unibertsitatetik haitzulora, espiraleanBorja Guerreroren argazkiak

Platonen Haitzuloaren alegoria ospetsua existitu baino lehenago jaio zen euskara. Batxilergoko nerabe guztiek dakitenez, filosofo grekoak asmatutako mitoraren arabera, kobazulotik irtetzeko aukerarik ez duten horiek mundu sentikorra, zentzumenekin ezagutu daitekeena, bakarrik antzeman dezakete. Mundu erreala, berriz, arrazoiarena eta ideiena, kanpora heltzea lortzen duten horientzako baino ez da. Hara, horrelako zerbait gertatu da euskararekin: komunikazio oinarrizkoena ahalbidetzeko hizkuntza bezala sortu izanik ere, metafisikaz hitz egiteko soberako tresnak eskaintzen dituen mintzaira da. Kobazulotik jalgitea lortu eta bizitzako eremu guztietan murgildu da. Halaxe laburbildu zuen atzo Xabier Monasterio idazleak, DEIAk antolatutako Euskara: atzo, gaur eta bihar jardunaldian: “Haitzuloetan hartu genuen hizkuntza bat eta unibertsitatera eraman dugu”. Ez da lan makala izan, ez!

Bada, ibilbide hori deskribatzeko hamaikatxo adibide eta anekdota azaldu zituzten bart Euskadiko Artxibo Historikora gerturatu zirenek. Gogoan du, esaterako, Josune Ariztondok, Bilbao 700 Fundazioaren zuzendariak, Ondarroan irakasle lanetan zebilela, duela urte mordoa, ikasleekin Santimamiñera egindako ostera bat. Bertan dagoen jatetxe bakarrean egin zuten topo beranduago Urdaibaiko haitzuloan azalpenak eman behar zituen gizonarekin. Hasierako hartu-emana euskara hutsean izan arren, behin kobazulora igo zirenean, morroia urduri jarri omen zen. Antza denez, ez zuen bere burua gai ikusten argibideak euskaraz emateko, gazteleraz prestatuta baitzeukan berbaldia. Paradoxikoki, haitzuloan jaiotako hizkuntza ezin izan zuen haitzuloaren berri emateko erabili!

Ordutik gauzak nabarmen aldatu dira eta euskara edozein esparrutan murgildu da, baita unibertsitatean ere, non toki nabaria aurkitu duten. Euskaltzaindiaren presidente izan baino askoz lehenago, Andres Urrutia notario lanetan ibili zen Ondarroan, herri euskaldun peto-petoan. Garai hartan, bitxia badirudi ere, euskaraz mintzatuz, testuak gazteleraz idazteko eskatzen zioten, baserriko hizkuntzak zilegitasun nahikoa izango ez zuela pentsatuz edo. Gaur, Zuzenbide ikasketak zein boletin ofizialak euskaraz eskaintzen dira; baina akademiaren presidentearen esanetan, beste oztopo bat agertu da. Ikasgelatik irten ostean, ikasleek gaztelerara jotzen dute. “Maila formalean irabazi da, baina egunerokoan galdu egin da”, iritzi du Urrutiak.

Eta beste bat gehiago Ariztondok kontatuta: Amonarekin Labastidan zegoen haur euskaldun batek, aldameneko mahaian kokatuko familiak euskaraz egiten zuela entzun ondoren, zera esan omen zuen: “¿Por qué hablan en euskera si estamos de vacaciones?”. Bere logikaren arabera, euskara eskolan erabiltzen den lanabesa da, ez egunerokoan erabiltzeko hizkera. Nola aldatu diren gauzak, ez? Agian haitzulotik unibertsitatera egin ostean, unibertsitatetik haitzulora itzultzeko garaia da, amaiezina den espirala egin arte. Eta zeregin horretan, Bingen Zupiriak Kultura eta Politika sailburuak esan zuen bezala, konplizitateak aurkitzea ezinbestekoa da, estututa dagoen soinua ahalik eta gehien zabal dadin.

Konpromiso horri eusten dio jardunaldian parte hartu zuen Luis Aranberri Amatiño kazetariak, baita moderatzaile lanetan ibili zen Imanol Fraduak edota Ortzadar saria irabazi zuen Jose Mari Iriondok. Haien berbak hainbat lagunengana heldu ziren atzo antolatutako solasaldian: alde batetik, Leire Corrales Sestaoko zinegotzia eta parlamentari ohia, baita Ainara Aretxabaleta, Ana Esther Furundarena, Mikel Bagan eta Alfredo Olea batzarkideak. Bertan izan ziren ere Pello Ugalde Laboral Kutxako lurralde zuzendaria, Mikel Aizpurua historialaria zein Iñaki Mendizabal, Ander Goyoaga edota Dabi Piedra kazetariak. Ulibarri Euskaltegitik ere agertu ziren bere zuzendaria den Patxi Agirregomezkorta eta irakasle lanetan dabilen Loren Suarez. DEIA egunkariaren engaiamendua ere argi geratu zen Iñaki Alzaga presidentea, Javier Andrés zuzendari nagusia, Iñaki González zuzendaria eta Kike Hermosilla zuzendari komertzialaren presentziarekin. Ez zuten kale egin Ainhoa Agirregoikoak, Susana Murok, Iñigo Aspiunzak, Josu Molinosek ezta Carlos Basterretxeak.